Itxi

Gizartea

Migratzaileak

Migratzaile adingabeak artatzeko bigarren harrera zentroa ireki nahi dute Gipuzkoan

Agentziak | Erredakzioa

Ildo horretatik, Gipuzkoara iritsi diren migratzaileek bizi duten egoerari irtenbide bat bilatzeko lanean ari direla nabarmendu du Gipuzkoako Aldundiko Gizarte Politikako diputatuak.

  • Euskadira etorritako migratzaileak. Artxiboko argazkia: EiTB

    Euskadira etorritako migratzaileak. Artxiboko argazkia: EiTB

Azken hilabeteotan Gipuzkoara joan diren atzerritar adingabeen gorakada dela eta, bakarrik dauden migratzaile adingabeak artatzeko behin-behineko harrera zentro berri bat irekitzea aztertzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia, Maite Peña Gipuzkoako Aldundiko Gizarte Politikako diputatuak ostegun goiz honetan iragarri duenez.

Peñak ohar baten bidez jakitera eman duenez, inolako arduradunik gabe Gipuzkoan dauden atzerritarren egoeraz ohartu da Foru Aldundia, eta azken hilabeteotan bertaratu diren migratzaileen kopuruak gora egin duela nabarmendu du. Ildo horretatik, dagoeneko zabalik dagoen harrera zentroan "55 migratzaile inguru" artatu dituztela esan du.

Halaber, orain arte artatu dituzten gazte askoren adina baieztatzeko aukerarik ez dutela izan azaldu du Gizarte Politikako diputatuak, eta Gipuzkoara iritsi diren migratzaileek bizi duten egoerari irtenbide bat bilatzeko lanean ari direla nabarmendu du.

"Atzerritar adingabeak artatzeko zabalik ditugun azpiegiturak hobetu ditugu migratzaile gehiagori arreta eman ahal izateko, eta lantaldea handitu dugu", esan du Peñak. Gauzak horrela, apirilaz geroztik 48 migratzaile artatzeko zuzenduta dauden behin-behineko sei harrera zentro ireki dituztela azpimarratu du. Hala, Gipuzkoako Aldundia harrera zentro berri bat zabaltzeko asmoa duela iragarri du.

"Bakarrik dauden adingabe hauentzako arreta zerbitzua ziurtatuta dago Gipuzkoa osoan", esan du Peñak. Bestalde, harrera zentro berria irekitzeko egoitza bat bilatzen duten bitartean, adingabe batzuk Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain dituen beste egoitza batzuetara bideratzea aztertzen ari direla esan du.