Itxi

Gizartea

EPAIKETA BERRIA

Pablo Ibar oraingo honetan espetxetik aterako dutela espero du bere abokatuak

ERREDAZKIOA | EITB.EUS

Epaiketa astelehen honetan hasiko da, epaimahaia osatuko duten 12 pertsonen aukeraketarekin. Epaiketa hiru eta sei hilabete bitartean luzatuko dela aurreikusten da.

  • Pablo Ibar. Argazkia: EiTB

    Pablo Ibar. Argazkia: EiTB

Andres Krakenberger, Pablo Ibarren heriotza-zigorraren aurkako elkarteko bozeramailea, ziur dago oraingo honetan Pablo Ibar Browardeko (Florida) espetxetik aterako dutela. Pablo Ibar hilketaren lekuan egon ez zela frogatzen duten froga "sendoak" dituztela ziurtatu du.

Krakenbergek zehaztu duenez, bihar, urriak 1, epaimahaia osatuko duten 12 pertsonen aukeraketa hasiko da. Prozesu horrek lau eta sei aste iraun dezake eta ondorioz, epaiketa hiru eta sei hilabete bitartean luzatuko dela aurreikusten da.

Andres Krakenberger Europa Press agentziari eginiko adierazpenetan itxaropentsu agertu da, Pablo Ibarren aurkako hirugarren epaiketa hau azkena izatea espero baitu "argi baitago ez dela erruduna".

Halaber, aurre egin beharko dieten arriskuen inguruan ere hitz egin du. "Zer gertatzen da?, Pablo Ibar heriotza zigorrera kondenatu nahi duen Fiskaltzari egin behar diogu aurre. Bestaldetik, epaimahaia ahalik eta inpartzialena izatea nahi dugu, ea lortzen dugun. Baikorra edo ezkorra naizen galdetzen didatenean, ez naiz ez bat, ezta bestea ere. Ziur gaude Pablo dagoen lekutik aterako dugula frogek hori esaten baitute", esan du.

Andres Krakenberger gogorra izan da Fiskaltzarekin, Pablo Ibarren aurkako froga berririk ez duela ekarri leporatu dio. "2000. urteko epaiketara eraman ez zuen zerbait berria ekarriko al du oraingo epaiketan?, ezer berrik ez. Zer esan zuen Floridako Auzitegi Gorenak Fiskaltzaren frogen inguruan?, froga eskasak eta ahulak zirela, heriotza zigorra indargabetu zuen eta epaiketa errepikatzeko eskatu zuen", adierazi du.

Era berean, Fiskaltzak "apaindu eta haziko dituen argudio guztiak" indargabetzea espero dute, Fiskaltzak froga "eskasak eta ahulak" dituelako. "Ibilbidearen amaieran epaiak Pabloren errugabetasuna baieztatzea espero dugu".

Ibarren familia epaiketaren errepikapenagatik "animatuta" dago. 2000. urtetik ari dira borrokan, baina aldi berean urduri daude "aldeko frogek, ez baitute ezer ziurtatzen".