Itxi

Gizartea

INDARKERIA MATXISTA

Kartzelatu egin dute Maguette Mbeugouren hiltzailea

EITB.EUS

Epailearen aurrean deklaratzeari uko egin dio biktimaren senarrak, baina Ertzaintzaren aurrean aitortu egin du krimena.

  • Ollerietagoiena kaleko 25. zenbakian gertatu zen hilketa. Argazkia: EiTB

    Ollerietagoiena kaleko 25. zenbakian gertatu zen hilketa. Argazkia: EiTB

Epaileak espetxeratu egin du Maguette Mbeugou 25 urteko senegaldar jatorriko emakume bilbotarraren senarra, haren hilketaren egilea izatea egotzita.

ETBk jakin duenez, epailearen aurrean deklaratzeari uko egin dio gizonak, baina Ertzaintzaren aurrean aitortu egin du krimena.

Bitartean, bi eta lau urteko bi alabak Bizkaiko Foru Aldundiaren zaintzapean daude, behin-behinean, senideren batek horien ardura bere gain hartu arte. Horren ildotik, haien osaba Parisetik Bilbora bertaratu da, bi adingabeen ardura hartzeko.

25 urteko emakumea labankadaz hil zuten astelehenean, Bilboko Ollerietagoiena kaleko etxebizitza batean, eta haren senarra atxilotu zuten ordu batzuk geroago Mutrikun, hilketa leporatuta.

Ikerketak aurrera egin ahala, auzi honetan izandako gabeziak agerian gelditzen ari dira. Maguette Mbeugouk salaketa jarri zuen abenduaren 6an Bilboko Udaltzaingoaren aurrean indarkeria matxistagatik, eta urruntzeko agindua ere eskatu zuen, baina epaileek ukatu egin zion.

Senar-emazteak etxebizitza ezberdinetan bizi zirela, emakumeak etxera ez itzultzeko asmoa azaldu zutela eta biak banatzekoak zirela argudiatu zuen epaileak autoan arrisku egoera baztertzeko.

Epaiketa egin ondoren, urtarrilaren 12an, Zigor Arloko Epaitegiak gizona absolbitzea erabaki zuen, mehatxuak egon zirela frogatzeko froga nahikorik ez zegoela iritzita.

Bestalde, Ertzaintzak zaborrontzi batean topatu du ustez Bilboko hilketa matxistan erabilitako labana.

Autopsiak baieztatu duenez, emakumeak 24 ordutik gora zeramatzan hilda haren hilotza aurkitu zutenean.

 

___________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.