Itxi

Gizartea

INDARKERIA MATXISTA

Elkarretaratze isila egin dute Bilbon, Maguette Mbeugouren hilketa gaitzesteko

EITB.EUS

Mugimendu Feministak manifestazioa deitu du 20:00etarako, Enkarnazio plazatik abiatuta. Bien bitartean, ustezko hiltzaileak Ertzaintzaren esku jarraitzen du, epailearen aurretik igaro zain.

0:38
Bilbon elkarretaratzea EFE

Jende andana elkartu da gaur goizean Bilbon, atzo ustez senarrak hil zuen Maguette Mbeugouren hilketa gaitzesteko.

10:30ean hasita, bost minutuko elkarretaratze isila egin dute udaletxeko eskaileretan. Herritarrez gain, bertan izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Josu Erkoreka eta Pedro Azpiazu sailburuak, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta zinegotzi eta alderdi politiko guztietako ordezkariak. Bilbon bizi diren senegaldarrak ere egon dira bertan, komunitate hori ordezkatuz.

Kontzentrazioaren amaieran Juan Mari Aburto alkateak azpimarratu duenez, "hiltzaileak, tratu txarrak ematen dituztenak eta emakumeak errespetatzen ez dituzten horiek guztiak soberan daude Bilbon". Are gehiago, "jendilaje hori gizartetik ateratzeko lan egin behar dugu", nabarmendu du.

Goizeko hori, baina, ez da hilketa matxista salatzeko deitu duten mobilizazio bakarra; izan ere, Mugimendu Feministak manifestazioa deitu du 20:00etarako, Enkarnazio plazatik abiatuta.

Bitartean, atzo Bilbon ustez emaztea hil zuen gizonak Ertzaintzaren zaintzapean jarraitzen du, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak asteazken honetan jakinarazi duenez. Ustezko hiltzaileak ihes egin omen zuen, baina Ertzaintzak atzo arratsaldean atxilotu zuen, Mutrikun.

Biktima Maguette Mbeugou da, jatorri senegaldarreko 25 urteko emakumea. Bikotekidearen kontra salaketa jarri zuen Bilboko Udaltzaingoaren aurrean, indarkeria matxista egotzita.

13:30ean, bizilagun baten deia jaso ostean, Ertzaintzaren agenteak Ollerietagoiena kaleko 25. zenbakiko etxebizitzara sartu ziren, eta emakumearen hilotza aurkitu zuten, indarkeria zantzuekin.

Ertzaintzak biktimaren senarra bilatzeari ekin zion orduan, eta 19:00ak aldera atxilotu zuen, Mutrikun, emaztea hiltzea leporatuta.

Ikerketako iturriek zabaldutako informazioaren arabera, gizonezkoak labanaz hil zuen emaztea, bi alaba txikiak bertan zirela.

Auzokideek azaldu dutenez, astelehen goizaldean, 05:30ean, zarata handia entzun zuten senar-emazteen etxean. Hilketa matxista orduan gertatu bazen, beraz, bi alaba txikiak 24 ordu baino gehiago eman dituzte amaren gorpuaren ondoan.

___________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.