Itxi

Gizartea

Indarkeria matxista

'La Manada'ko lau kide auzipetu dituzte, Kordoban izandako sexu-abusuaren kasuan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Pozoblancoko epaitegiak hamar eguneko epea eman die aldeei, ahozko epaiketa hastea edo auzia artxibatzea eska dezaten.

  • 'La Manada' taldeko bostak. EiTBren irudia

    'La Manada' taldeko bostak. EiTBren irudia

Pozoblancoko (Kordoba) epaitegi batek 'La Manada' taldeko bost gizonezkoetatik lau auzipetu ditu, 2016ko maiatzean 21 urteko neska bati egindako sexu-abusuen kasuan, Europa Press agentziak zabaldu duenez.

Joan den ekainean, biktimarenagan hurbiltzeko eta harekin harremanetan jartzeko debekua ezarri zien epaileak lau auzipetuei.

Andaluziako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, ustezko sexu-abusuak eta intimitatearen kontrako delituak egiteagatik auzipetu dituzte. Gainera, lau horietako bati tratu txarrak emateagatik delitu arin bat egin izana ere egotzi diote.

Epaileak hamar eguneko epea eman die Fiskaltzari eta akusazioei, ahozko epaiketa abiaraztea edo auzia artxibatzea eska dezaten idatziz.

Nafarroako Auzitegiak bederatzi urteko kartzela-zigorra ezarri zien 'La Manada'ko bost kideei 2016ko sanferminetan 18 urteko neska bati sexu-abusuak egiteagatik. Alabaina, defentsak helegitea aurkeztu zuen eta egun bostak behin-behinean aske daude.