Itxi

Gizartea

Migrazioa

Migratzaileei harrera egiteko neurriak gogortu dituztela salatu dute Irunen

agentziak | erredakzioa

Irungo Harrera Sarearen arabera, "galarazi egiten diete harrera zerbitzua penintsulan 30 egun baino gehiago daramaten pertsonei".

  • Migratzaileak Irungo zentroan. Argazkia: Efe

    Migratzaileak Irungo zentroan. Argazkia: Efe

Irungo Harrera Sareak (IHS) salatu du "gogortu" egin dituztela bertara iristen diren migratzaileei harrera egin ahal izateko baldintzak eta, azaldu dutenez, "galarazi egiten diete harrera zerbitzua penintsulan 30 egun baino gehiago daramaten pertsonei".

IHSk uste du eskakizun hori "absurdotik gertu" dagoela, eta horrek "migratzaileei Martindozeneako aterpean sartzea galarazten diela". Ondorioz, "sekula ez dira betetzen erakundeek harrerarako jarritako 60 plazak", baina migratzaileek "astetako bidaiak" egiten jarraitzen dute.

"Pertsona horiek ez dute aukeratzen nora eramaten dituzten, zein baldintzatan eta zein bermerekin. Horren adierazle dira hirira iristen diren horietako askoren higiene, elikadura eta desorientazio egoera txarrak", adierazi dute.

"Aterpean sartu ahal izateko, migratzaileek Poliziaren kanporatze agindua erakutsi behar dute, eta guztiek ez dute dokumentua, asko eta asko kanpoan geratzen direlarik, tartean emakumeak. Horiek guztiek Lakaxita kanpoaldean bukatzen dute, Martindozenean plaza hutsak dauden arren", salatu du IHSk.

Sareak salatu du "informazio eta erabaki aldaketa etengabeek" nahasmendua sortzen dutela, eta Gurutze gorriak berak, aterpea kudeatzen duenak, ere hanka sartzen duela eta "egonaldia hiru egunera mugatzen duela, nahiz eta erakundeek gehienezko egonaldia bost egunera luzatu".

"Bestalde, zentroaren ordutegi zorrotzaren eraginez, migratzaileek ordu gehienak kalean pasatu behar dituzte, beraz, Lakaxita gaztetxea da 'eguneko zentro' behar hori asetzen duena duela bi hilabetetik", azaldu dute.