Itxi

Gizartea

Migrazio politika

Eusko Jaurlaritzak migratzaileen banaketa partekatua proposatuko du Europan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Urriaren 9an eta 10ean Bruselan aurkeztuko duten "Share" proposamenaren helburua da migratzaileak tokian tokiko zerga bidezko diru-sarreren, biztanleriaren eta langabezia-tasaren arabera banatzea.

1:22

Europan zein Estatuko autonomia erkidegoetan migratzaileak tokian tokiko zerga bidezko diru-sarreren, biztanleriaren eta langabezia-tasaren arabera banatzeko proposamena diseinatu du Eusko Jaurlaritzak.

"Share" proposamena Espainiako Gobernuari helaraziko diote, eta urriaren 9an eta 10ean Bruselan egingo duten Europako Eskualdeen Batzordean ere aurkeztuko dute. Esan bezala, errefuxiatuei, erregularizatu gabe dauden migratzaileei eta gurasorik gabe dauden adingabe atzerritarrei "maila guztietan" erantzutea du helburu ekimenak.

Hain zuzen ere, "banaketa partekatua" izateko mekanismo zehatz bat adostu nahi du Jaurlaritzak, betiere, migratzaileen harrerarekin eta integrazioarekin lotuta. Horretarako, hiru parametro hartzen ditu kontuan "Share"k: zerga bidezko diru-sarrerak (% 50), biztanleria (% 30) eta langabezia-indizea (% 20).

Nolabait esateko, Alemaniak asilo-eskatzaileak banatzeko erabilitako formularen antzekoa litzateke aipatutakoa, langabeziaren parametroa gehituta.

Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak azaldu duenez, abiapuntua zehaztea da proposamen honen asmo nagusia. "Migrazioaren arazoari irtenbidea emateko garrantzitsua da banaketa borondatez egitea", azaldu du.

Autonomia erkidegoek lan eta asilo baimenak kudeatzeko baliabideak izatea ere eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, gaur aurkeztutako dokumentuaren bidez. Europar Batasunari, berriz, pobreziaren eta migratzaileen jatorrizko herrialdeetan dagoen berdintasunik ezaren aurkako borroka zuzentzea eskatu dio.