Gizartea
Bilboko Auzitegia
14 urteko bi adingabeek 16koa seinalatu dute Otxarkoagako krimenaren eragile gisa
Agentziak | Erredakzioa
Legediak aurreikusitako zigor handienak eskatu ditu Fiskaltzak: 14 urteko bi mutilak adin txikikoen zentro batean sei urtez sartzea, eta 16 urtekoa, zortzi urtez.
Gaur hasi da Bilboko adingabeen epaitegian Otxarkoaga auzoan adineko bikote bat ustez hil zuten hiru mutikoen aurkako epaiketa.
Hiru adingabeen adierazpenekin abiatu da epaiketa. Fiskaltzaren arabera, 14 urteko bi mutikoak Otxarkoagako Zizeruena kaleko etxe batean lapurtzera sartu ziren 2018ko urtarrilaren 18an.
Barruan bizi zen 87 urteko bikotea kolpeka eta labankadaz hil zituzten. Ertzaintzak bikotearen etxean topatutako hatz-markak eta frogak batuta, gertakariak izan eta egun gutxitara atxilotu zituen bi susmagarriak.
Haiekin batera, 16 urteko mutil bat epaituko dute, hildako adinekoen bizilaguna, hilketaren eragilea izatea leporatuta, ustez horrek esan baitzien beste biei lapurreta non egin.
ETBk jakin duenez, 14 urteko bi adingabeek 16 urtekoa seinalatu dute, krimenaren eragilea delakoan. Hain zuzen ere, adineko bikotea hark hautatu zuela deklaratu dute. Adingabe horrek, baina, ukatu egin ditu akusazioak, eta hilketaren unean etxean zegoela adierazi du.
Fiskaltzak adin txikikoen legediak horrelako kasuetarako aurreikusten dituen zigor handienak eskatu ditu: 14 urteko gazteentzat sei urtez adin txikikoen zentro batean sartzea, eta, 16 urtekoarentzat, zortzi urteko itxialdia. Zumarragako adin txikikoen zentroan daude hirurak urtarriletik.
10:00ak aldera eraman dituzte epaitegira eta bi ordu geroago atera dituzte handik.
Auzitegiaren atarian haien senide eta lagunak izan dira. Hiru gazteak txalo eta animo oihuen artean hartu dituzte, eta han zeuden kazetari eta kamerariei, berriz, oldartu egin zaizkie.
Bizkaiko Foru Aldundia epaiketan agertuko da, hiru adin txikikoetako bat bere zaintzapean zegoelako hilketak gertatu zirenean.
Epaiketa ateak itxita egingo da, auzipetuak adin txikikoak direlako. Komunikabideek debekatuta dute epaitegian sartzea, baita eraikinean ere. Asko jota, bost egun iraungo du epaiketak, eta babestutako bi lekukok, bizilagunek, senideek, ertzainek eta auzitegiko medikuek deklaratuko dute.
Ostiral honetan, ikerketan parte hartu zuten ertzainek deklaratuko dute.
BIDEOA | Akusatuen senide eta lagunek kazetarien kontra egin dute: