Itxi

Gizartea

HONDARRIBIA

Erakundeei 'konponbidea bideratzeko' eskatu die Jaizkibel konpainiak

EITB.EUS

Gertatutakoa 'urte askotako utzikeriaren ondorio' izan zela esan du Jaizkibel konpainiak. 'Boto eta botere kontuak' alboratu, eta egoera konpontzeko eskatu die Aldundiari, Jaurlaritzari eta Udalari.

1:11

Azken urteotako irudirik gogorrenak ikusi ziren joan den larunbatean Hondarribiko alardean. Plastiko beltzekin eta txistu hotsekin hartu zuten hainbat herritarrek alarde parekidea, eta tentsio handia bizi izan zen Jaizkibel konpainiak Kale Nagusia zeharkatu zuenean.

Gertatutakoa "urte askotako utzikeriaren ondorio" izan zela uste du Jaizkibel konpainiak, eta Hondarribiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza jo ditu alarde parekideak "bizitako eraso bortitzaren arduradun".

Udalari "egoeraren sortzaile" izatea egotzi dio, urtetan egoera "oker" kudeatzeagatik. Halere, arduradun nagusia Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun saila dela esan du Jaizkibel konpainiak, irailaren 8ko alardeari dagokion ebazpena "ez duelako betearazten".

"Olatu atzerakoia" urtez urte handitzen ari dela salatu dute alarde parekideko kideek, eta hori dela eta, "konponbidea bideratzeko" eskatu diete erakunde guztiei. "Boto eta botere kontuek utzi dute olatu atzerakoi hori sortzen, eta zigorgabetasun handienarekin Jaizkibelen kontra ekiten", esan dute, gaur kaleratu duten oharrean.

Gizartea "berdintasunaren olatuan" aurrera doan heinean, Hondarribian bizitakoak "atzera doan olatu baten alderdirik bortitzena" erakutsi zuela adierazi du Jaizkibelek. Horregatik, "atzerako pauso bakar bat" ez dutela onartuko ziurtatu dute, eta "gizartera egokitutako" olatuaren gainean lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi. "Badakigu olatu atzerakoi horren azken uneak bizitzen ari garela, baina bere desagertzeak ez du zertan gure duintasuna eraso behar", gaineratu dute idatzian.

Larunbat goizeko desfilean gertatuakoak "ustekabean" harrapatu zituela ere esan dute, baina arratsaldean, "erasoen gainetik, indar, alaitasun eta errespetu" erakustaldi handia eman zutela nabarmendu dute.

Elkarlanerako eta elkarrizketarako prest agertu da Jaizkibel konpainia, eta orain arteko bidean lanean jarraituko duela esan du.

ALARDE HONDARRIBIA 2018 EFE

(Argazkia: EFE)

Jaizkibel konpainiak jasandako "jazarpenagatik" azalpenak eskatu dizkio EH Bilduk lehendakariari

Bestalde, Hondarribiko Alardean Jaizkibel konpainiak jasan zuen "jazarpena" dela eta, EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Iñigo Urkullu lehendakariari eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari.

Agiri baten bidez, koalizio soberanistak adierazi du "kezkatuta eta triste" dagoela joan den larunbatean gertatutakoaren harira; izan ere, horrek erakusten du emakumeek jaietan berdintasunean parte hartzeko eskubidea bermatzeko bidean aurrera egin ez dela. Areago, "Alarde parekidearen kontrako jarrerak gogortu egin dira", deitoratu du.

"Hondarribian, Irunen bezala, berdintasunerako eskubidea urtero urratzen dute. Eta hori oso larria eta onartezina da", salatu du EH Bilduk.

Horrez gain, auzi honetan Eusko Jaurlaritzak izan duen jarrera kritikatu du koalizioak, Jaizkibel konpainiako emakume eta gizonen kontra izandako irain eta oihuen aurrean "isilik geratu baita".

"Antza, Urkulluren Gobernuarentzat pertsona batzuen eskubideak bigarren mailakoak dira eta ez dute babesik behar", salatu du.

Gauzak horrela, Berdintasun Legea betearaz dezala exijitu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari, eta aurreratu du gertakari honen inguruko azalpenak eskatuko dizkiola lehendakariari Legebiltzarreko kontrol-saioan.

Halaber, EH Bilduk Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuaren agerraldia eskatu du, Alarde parekidea "jazarri" zutenen kontra ze neurri hartuko duen eta Ertzaintzak zergatik ez zuen ezer egin argitu dezan.

"Berdintasun Legea betearazi beharrean, erasotzaileen konplize ezin dira ertzainak", kritikatu du koalizioak.