Gizartea
Europako Parlamentua
Gipuzkoako erraustegia legez kanpokoa dela salatu du GuraSOS elkarteak Bruselan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zubietako erraustegiaren proiektuak hondakinen kudeaketari buruzko Europako arau berriak urratzen dituela ohartarazi du GuraSOS herri-plataformak Europako Parlamentuan.
-
GuraSOS elkarteak Europako Parlamentuan salatu du Gipuzkoako erraustegia. Argazkia: GuraSOS
GuraSOS elkarteak Europako Parlamentura eraman du Gipuzkoako erraustegia eraikitzeko planaren kontrako salaketa eta, besteak beste, egitasmo horrek hondakinen kudeaketari buruzko Europar Batasuneko arau berriak urratzen dituela ohartarazi du.
Herri-plataformako ordezkaritza bat Bruselara joan da, Zubietako erraustegiaren inguruan duen iritzia Europar Batzordeari azaltzeko. Europako Estatistika Bulegoko (Eurostat) arduradunekin ere bilduko dira. Duela bi hilabete egitasmoaren aurka aurkeztu zuten kexa Europako Batzordeak tramitera onartu duela jakinarazi dute.
GuraSOS elkartearen arabera, erraustegiaren proiektuak Europako hainbat arau urratzen ditu, esleipen kontratuei buruzkoak eta hondakinak kudeatzeko neurriei lotutakoak. Halaber, egitasmo horren inguruan herritarrek duten iritzia aintzat hartu ez dela eta ingurumenari eta osasunari kalte egiten diola kritikatu dute.
Joseba Belaustegi GuraSOS elkartearen abokatuaren ustetan, salaketa hori Giza Eskubideen Europako Auzitegira hel daiteke.
Belaustegik azaldu duenez, bihar Eurostateko ordezkariekin bilduko dira eta Gipuzkoako erakunde publikoek "finantzazioan iruzurra" egin dutela salatuko dute, "obra baten esleipena modu pribatua egitea asmatu zutelako, eta hori zorra ezkutatzea da".
Europako Parlamentuan egindako agerraldian, GuraSOSeko ordezkariek EH Bilduko Josu Juaristi eta Podemoseko Xabier Benito izan dituzte alboan, baita Montserrat Mir Europako Sindikatuen Konfederazioko idazkaria ere.
Erraustegia eraikitzea zentzugabea dela esan du Mirrek, "garaiz kanpo dagoelako".
Josu Juaristiren esanetan, erraustegiaren kontratua herritarren kalterako izango da.
Xabier Benitok adierazi du Zubietako erraustegia "zerbait berritzailea" izango balitz bezala "saltzen" ari direla, "baina horrelako erraustegiak duela 20 urte asmatu ziren eta egun ez dira hondakinak kudeatzeko proiektu aitzindariak".
GuraSOS elkarteko ordezkariek egitasmoak ingurumenean eta herritarren osasunean eragin kaltegarriak izango dituela ohartarazi dute, eta erraustegia eraikitzeko kontratua "planifikaziorik eta herritarren parte-hartzerik gabe" esleitu zela salatu dute.
Arratsaldean Europako Batzordeko Ingurumen Zuzendaritzako kideekin bilduko dira, eta bihar Eurostateko ordezkariekin.
Mobilizazioa Kontxako hondartzan
Bestalde, erraustegiaren kontrako mugimendua osatzen duten taldeek giza-katea egingo dute datorren igandean Kontxako hondartzan, estropaden azken eguna dela baliatuta.
Zubietako erraustegiaren kontrako mobilizazioak hainbat atxikimendu jaso ditu: EH Bildu, Ezker Anitza-IU, Irabazi, Podemos eta Equo alderdiena; ELA, ESK, LAB, CCOO, EHNE eta Steilas sindikatuena; eta y Eguzki edota Ekologistak Martxan bezalako taldeena.