Gizartea
Migrazioa
Migratzaileak hartzeko zentro berria Berrizen zabalduko dute
Agentziak | Erredakzioa
Seme-alabak dituzten edo bakarrik bidaiatzen ari diren emakumeei eta eriondo dauden pertsonei emango zaie lehentasuna zentro berrian.
Pertsona migratzaileak artatzeko zentro berria Berrizen (Bizkaia) irekiko dute, Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketarako sailburuordeak gaur iragarri duenez.
Gehienez 20 eguneko egonaldia egin ahal izango dute migratzaileek aterpe berrian. Egonaldian zehar pertsona horiek laguntzen ari diren elkarteek migratzaileen beharrizanak aztertu eta, beharrezkoa balitz, nora bidali erabakiko dute.
Seme-alabak dituzten emakume, bakarrik bidaiatzen ari diren emakume eta eriondo dauden pertsonei lehentasuna emango die aterpetxe berriak.
Bestalde, Berrizko Udalak Eusko Jaurlaritzarekin bildu nahi du migratzaileentzako zentro berri horren funtzionamenduari buruzko hainbat zalantza argitzeko.
Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, Olakuetako aterpetxean kokatuko da migratzaileak hartzeko zentroa.
Berrizko Udalak egitasmoari buruzko xehetasun guztiak jakin nahi ditu eta horretarako bilera bat eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Udalaren esanetan, "lehen topaketa" izango da eta ondotik bilera gehiago egingo dituzte, migratzaileei eman beharreko zerbitzua koordinatuta eta elkarlanean eskaintzeko asmoz.
Irungo aterpetxea
Iragan larunbatetik, irailak 1, Irungo Martindozenea aterpea aldi baterako baliabide bezala lanean ari da, eta bidean diren pertsona migratzaileak hartzen ari da. 60 pertsona hartzeko gaitasuna du.
Aholkularitza, osasun arreta, gosaria, bazkaria eta afaria eskaintzen diete bertan, baita dutxak eta bainugelak ere.
Irungo zentro berriarekin, pertsonak aldi baterako hartzeko 213 toki ditu Euskadik egun: 88 Bilbon, 35 Gasteizen, 30 Donostian eta 60 Irunen. Horiekin guztiekin bat egingo du Berrizko aterpeak.
Zentro guztietan pertsona migratzaileak artatzeko ardura Euskadiko Gurutze Gorriak du.
Uda honetan, ekainaren 28tik, 3.881 zerbitzu eman dituzte EAEko erakundeek eta Gurutze Gorriak, eta azken astean 214 izan dira, Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailak zehaztu duenez. 310 gau igaro dituzte migratzaileek azken astean.
Orain arte artatutako pertsona kopuruaren berri eman izan du erakunde arteko koordinazio mahaiak, baina zerbitzu kopurua zenbatzea erabaki du orain; izan ere, migratzaile berdinak zerbitzu ezberdinak erabili ahal ditzake Euskadiko txoko ezberdinetan. Eusko Jaurlaritzak, aldundiek, hiru hiriburuetako eta Irungo udalek, eta Gurutze Gorria, Harresiak Apurtuz, Caritas, CEAR eta SOS Arrazakeria elkarteek osatzen dute mahaia.
Pintada arrazistak
Bestalde, Irungo instalazioetan agertutako “adierazpen xenofoboak” zigortu dituzte gaur elkarteek eta erakundeek. “Hemendik, parkera lo egiten” eta “Hau beltzentzat zabaltzea da arrazakeria” pintadak azaldu ziren zentroan. “Gehiengoaren iritzia islatzen” ez duela eta “gertakari bakana” izan dela uste dute, gizarteak pertsona ahulenei elkartasuna eta babesa beti adierazi dizkielako.
Erakunde arteko mahaiak jakitera eman duenez, “Estatura heldu diren pertsonen % 9 soilik pasa dira Euskaditik”. Ikuspegiren datuen arabera, biztanleria atzerritarra % 9 da EAEn; Estatuan % 12,9 eta Europar Batasunean % 11,2 denean.