Itxi

Gizartea

Immigrazioaren drama

Gutxienez 640 haur migratzaile itota hil dira Mediterraneoan 2014az geroztik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Igande honetan, hain justu, hiru urte bete dira Aylan Kurdi hiru urteko haurtxo siriarraren gorpua Turkiako kostaldean aurkitu zutela. Umearen hilotzaren irudia bolo-bolo zabaldu zen mundu osoan.

1:36

Gutxienez 640 haur migratzaile itota hil dira Mediterraneo itsasoan 2014az geroztik, Save The Children elkartearen arabera. Igande honetan, hain justu, hiru urte bete dira Aylan Kurdi hiru urteko haurtxo siriarraren gorpua Turkiako kostaldean aurkitu zutela. Umearen hilotzaren irudia, hondartzan botata, bolo-bolo zabaldu zen mundu osoan.

Migrazioetarako Nazioarteko Elkartearen datuen arabera, Europarako bidean itota hil diren adingabe kopuruak gora egin du, eta litekeena da gero eta handiagoa izatea, desagerpen asko ez baitaude egiaztatuta edo dokumentatuta.

Save The Childrenek azpimarratu duenez, migratzaileen % 42 Espainiar Estatura heltzen dira, itsasotik gehienak, "Greziara baino bi aldiz gehiago, eta Italiara baino lau aldiz gehiago". Elkarte horrek ohartarazi duenez, haur migratzaileek eta errefuxiatuek, bidaian bakar-bakarrik datozenek bereziki, esplotazioa, pertsona-trafikoa eta indarkeria pairatzeko arrisku handiagoa daukate.

"Migrazio-politikan aldaketak egingo dituen Gobernu bat behar dugu", ondorioztatu du Andres Conde Save The Childreneko zuzendariak, "onartezina da itsasoan nahiz mafien eskuetan haurrek euren bizitza arriskuan jartzea".