Gizartea
Udako eta neguko ordutegia
Sanchezek batzorde bat eratuko du ordu aldaketaz jarrera bat hartzeko
agentziak | erredakzioa
Aditu batzorde batek aztertuko du zer komeni zaion Espainiako Estatuari "ekoizpen, bizi kalitate, ongizate eta energia aurrezpenari dagokionez".
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du aditu batzorde bat osatuko duela ordutegi aldaketa kentzeko Europako Batzordeak egin duen proposamenaren inguruan jarrera bat hartzeko. Batzorde horrek aztertuko du zer komeni zaion Espainiako Estatuari "ekoizpen, bizi kalitate, ongizate eta energia aurrezpenari dagokionez".
Horixe jakinarazi du Espainiako Gobernuaren presidenteak Carlos Alvarado Costa Ricakoarekin batera eman duen prentsaurrekoan.
"Europako Batzordearen iragarpenarekin esnatu gara. Dagoeneko hitz egin du bozeramaile ministroak gaiaren inguruan", adierazi du Sanchezek. Horren harira, gogoratu behar da Isabel Celaa bozeramaileak esan duela Espainiako Gobernua "nahikoa ados" dagoela Europako Batzordearekin, hau da, urtean bitan ordutegia ez aldatzearekin.
Sanchezek esan du "garrantzitsua" dela gaia, eta "azterketa serioa eta zehatza" behar duela, "adostasun zabala"rekin batera.
"Espainiako Gobernuaren jarrera adituen batzorde bat eratzea da, ekoizpen, bizi kalitate, ongizate eta energia aurrezpenari dagokionez zer komeni den jakiteko", gaineratu du Sanchezek.