Itxi

Gizartea

Udako eta neguko ordutegia

Ordu aldaketa kentzea proposatuko du Europako Batzordeak

Agentzia | Erredakzioa

Inkestan parte hartu duten 4,6 milioi pertsonetatik % 80 ados daude ordu aldaketa kentzearekin. Espainiako Gobernua ados dago ekimenarekin, baina prozesuak hainbat fase gehiago pasatu behar ditu.

1:19

Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak ostiral honetan iragarri duenez, erakundeak ordu aldaketa kentzea proposatuko du, herritarren gehiengo zabalak hori eskatu duelako gai honi buruz egin den kontsulta publikoan.

Horren harira, Junckerrek azaldu du, kontsulta loteslea ez izan arren, ez duela zentzurik emaitzei kasurik ez egiteak. Halere, Batzordearen ekimena hasiera besterik ez litzateke izango, prozesuak hainbat fase gehiago pasatu beharko lituzkeelako.

Beste alde batetik, Isabel Celaa Espainiako Gobernuko bozeramaileak jakinarazi duenez, Europar Batasunean ordu aldaketa kentzeko ekimenarekin ados dago Sanchezen gobernua.

Behin ostiral honetan Batzordeak formalki proposatuta, eztabaida Kontseiluaren esku egotera pasatuko da, eta, beraz kide diren Estatuena.

Batzordeak uztailaren hasieran iragarri zuen egungo udako ordutegiarekin jarraitzea proposatzen zuen kontsulta, Europako Parlamentuak otsailean onartutako ebazpen batekin bat. Ebazpen horren arabera, ez dago proba zientifiko eztabaidaezinik, baina sistema hau kaltegarria dela dioten zantzuak daudela nabarmendu du.

Batzordeak, nolanahi ere, ez du 2001 urtetik dagoen harmonizazioarekin haustea pentsatzen, ezta alde bakarretik erabakiaren alde ala kontra egiten duten herrialdeak egotea.

Europarren % 84k ordu aldaketa kentzea eskatu dute

Europarren % 84k eta espainiarren % 93k ordu aldaketa kentzea eskatu dute egungo udako ordutegiarekin jarraitzea proposatzen zuen galdeketan, Europar Batzordeak (EB) ostiral goizean aurreratu dituen behin-behineko datuen arabera.

EBko kide diren 28 herrialdeetako 4,6 milioi biztanlek hartu dute parte inkestan, eta gehiengo zabalak (% 76) dio urtean bi aldiz ordua aldatzea esperientzia "txarra" edo "oso txarra" dela.

Besteak beste, osasunean eragin dezakeen ondoeza, zirkulazio-istripuen gorakada edota eguna luzatzeak energia kontsumoa handitzea dakarrela arrazoitu dute ordu aldaketaren kontra dauden herritarrek.

Parte hartzaile gehien izan dituzten herrialdeak Alemania (% 3,79), Austria (% 2,94) eta Luxenburgo (% 1,78) izan dira.