Gizartea
Nafarroa
Tiobibo bat zigilatu dute Mendabian, neskato bat lurrera bota ostean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Neskatoa zeraman zaldiko-maldikoaren parte bat askatu, eta hiru metrora erori da, buruz behera. Adingabea onik atera da.
-
Guardia Zibilak itxi duen haur-atrakzioa. Argazkia: EiTB
Mendabiako jaiak direla eta, udalerri hartan jarritako haurrentzako atrakzioetako bat itxi du Guardia Zibilak, neskato bat zeraman zaldiko-maldikoen parte bat askatu eta hiru metrora erori ostean, atrakzioaren ainguraketa batzuk egoera onean ez zeudela ebatzita.
Guardia Zibilak ohar baten bidez jakinarazi duenez, ezbeharra larunbat gauean gertatu da, 21:40 aldera. Adingabe batek haurrentzako barraka batean izandako istripuaren berri jaso dutenean, patruila bat bertaratu da.
Hainbat lekukok jakinarazi dutenez, tiobiboko lapiko itxurako pieza bat askatu da, neskatoa barruan zeramala, eta handik hiru metrora erori da, buruz behera. Adingabea onik atera da, baina udalerriko osasun zentrora eraman dute, badaezpada, azterketa egitera.
Guardia Zibilak atrakzioaren arduraduna galdekatu du, eta horrek garrantzia kendu dio ezbeharrari. Hala eta guztiz ere, guardia zibilek tiobiboa aztertu dute, eta herdoildutako piezak eta hautsitako soldadurak ikusi dituzte. Gainera, tiobiboaren arduradunak ez die erantzukizun zibileko asegururik erakutsi, eta, ondorioz, atrakzioa zigilatu eta itxi dute, ezin baitzuten "horren segurtasuna bermatu".