Gizartea
Migrazioa
Harrera Sareak migratzaileentzako irtenbideak galdegin ditu Donostian
Agentziak | Erredakzioa
Eneko Goia alkateak onartu duenez, "arazoa" egon liteke, iristen diren migratzaile-kopurua aurreikusita dutena baino gehiago haziz gero.
Harrera Sareak Donostian astelehen honetan salatu duenez, hirian ez dago bertara iristen ari diren migratzaile guztientzako baliabiderik, eta eskatu dituzte "irtenbideak" lagun horiek ez geratzeko kalean. Bitartean, Eneko Goia alkateak adierazi du "oraingoz" Donostia "prest" dagoela, heltzen ari diren iragaitzazko migratzaileak hartzeko, baina onartu du "arazoa" egon litekeela "beste kopuru batzuk" jasoko balira; izan ere, Gipuzkoako hiriburuko harrera-baliabidean 40 plaza daude.
Donostiako Udaletxearen aurrean egindako prentsaurrekoan, Harrerako kideek, hirian dauden hainbat migratzailerekin batera, salatu dute iragaitzazko migratzaileentzat erakundeek abisatutako baliabidea, "praktikan, hiru egunetara dago mugatuta; horren ondorioz, gutxienez 20 lagun geratu dira kalean".
Esan dutenez, hiru eguneko muga hori bost egunekoa ere izan daiteke, baliabidean plazak egonez gero, "baina hiru egun bakarrik eman dituztenak ere geratu dira kalean". Hain zuzen ere, esan dute astearte honetan beste 20 lagunek beteko dituztela hiru egun baliabidean, eta, hortaz, aukera dago horiek ere baliabide horretatik kanpo izateko.
"Alkateak dio guztientzako baliabideak daudela; hemen gaude gu, hori ezeztatzeko", azpimarratu du. Gogorarazi dutenez, Donostiak, ofizialki, "harrera-hiritzat" hartu zuen bere burua, baina, hala ere, "ez dago prest baliabide gehiago eskaintzeko".
"Gizartean dagoen emari solidarioa mobilizatzeko prest"
Harrera Sareak azaldu du prest daudela "gizartean dagoen emari solidarioa mobilizatzeko, migratzaileek ez pairatzeko kalean lo egiteak dakarren erantsitako tratu txarra, eta bideratzeko, erakundeen aldetik, harrera duina eskaintzeko beharrezko baliabideak".
"Udalari galdegiten diogu premiazkoa den egoera honi berehalako erantzuna emateko", nabarmendu dute. Zehaztu dutenez, aurreko asteazkenean bilera izan zuten Udalarekin, Foru Aldundiarekin, eta Eusko Jaurlaritzarekin, migratzaileen egoeraz eztabaidatzeko, "eta erantzun baten zain gaude".
Harrera Sareak deia egin die Donostiako herritarrei, "pertsona hauen egoerarekin bat egin, erakundeen inplikazioa galdegin, eta ekimenak babesteko"; izan ere, Sareak hainbat ekimen abiatu dituzte, azken egun eta asteotan.
Goia: "Oraingoz, hiria prest dago"
Bitartean, Euskadi Irratian emandako elkarrizketa batean (Europa Pressek jaso du elkarrizketa hori), Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi du ikusteke dagoela "nolako egoera izango dugun etorkizunean", baina, oraingoz, "ditugun datuak kontuan izanik", Gipuzkoako hiriburua "prest" dagoela hirira iristen ari direnak hartzeko.
Nolanahi ere, Goiak onartu du "arazoak" egon litezkeela, aurreikusitako migratzaile-kopurua gainditzekotan; Goiak gogorarazi duenez, Gurutze Gorriak Donostiak kudeatzen duen baliabidean (Zorroagan dago) 25 plaza daudela, eta, une jakin batzuetan, 40 ere egon litezkeela.