Itxi

Gizartea

Gutuna EB-ri

Urkulluk migrazioa kudeatzeko estrategiak bateratzea eskatu dio Junckerri

agentziak | erredakzioa

Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du bere eskumenetatik harago doan gaia dela, eta "bidean dauden migratzaileen mugako kudeaketan legea errespetatzea" exijitu du.

  • Migratzaileak, EAEn. Argazkia: EiTB

    Migratzaileak, EAEn. Argazkia: EiTB

Iñigo Urkullu lehendakariak gutun bat bidali dio Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteari, eta bertan eskatu dio "gogoeta sakona" egin dezala Europako erakunde demokratikoetan, migrazio politikan "estrategia bateratua" eta "epe labur, ertain eta luzerako neurriak" edukitze aldera.

Eusko Jaurlaritzak eman du gutunaren berri, eta jakinarazi du bertan "dauden beharrak eta baliabideak kalkulatzeko" eta "jatorrizko herrialdeetan nazioarteak konpromiso kolektiboa" lortzeko lan egiteko eskatu diola lehendakariak Europar Batasuneko agintariari.

"Euskadi esfortzu horretan parte hartzeko prest dago", "Afrikan hainbeste pertsona eta familiaren sufrimendua saihesteko erakundeen ekintza plan batean" parte hartzeko hain zuzen ere, azaldu du Urkulluk.

Jaurlaritzak adierazi du ez duela Frantziatik "berehala itzuli dituzten migratzaileen kasurik" ezagutzen, eta Frantziako Poliziak Espainiakoari "ezarritako prozeduren bitartez" itzultzen dizkiola migratzaileak.

Jaurlaritzak gogorarazi du bere eskumenetatik harago doan gaia dela, eta "bidean dauden migratzaileen mugako kudeaketan legea errespetatzea" exijitu du.