Replace this text with the error page you would like to serve to clients if your origin is offline.
Itxi

Gizartea

Immigrazioaren drama

87 migratzailek Open Armseko ontzian jarraitzen dute, non lehorreratuko diren zain

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ostegunaz geroztik Mediterraneo itsasoan daude, portu baten zain. Espainiar Estatuko portu batean lehorreratzeko baimena eskatu dio Open Armsek Sanchezen Gobernuari.

  • Open Arms ontzia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

    Open Arms ontzia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Proactiva Open Arms Gobernuz Kanpoko Erakundearen salbamendurako ontzia Mediterraneo itsasoan dago ostegunaz geroztik, erreskatatutako 87 migratzaile daramatzala.

Zein portutan lehorreratuko diren zain dago ontzia. Horren harira, GKEak baieztatu duenez, Espainiar Estatuko portu batean lehorreratzeko baimena eskatu dio Pedro Sanchezen Gobernuari.

"Hirugarren eguna, eta muturreko tenperaturak. Libiara bueltan izateko beldurra lasaitu da. Euren istorio lazgarriak kontatu dizkigute, horietako asko Darfurreko infernutik datoz, eta Libian abusuak jasan dituzte. Helmuga-portu barik gaude oraindik", idatzi du GKEak Twitterren.

Mediterraneoan erreskatatutakoetatik gehienak (84) Sudanetik datoz (ia guztiak Darfurretik); gainerakoak dira: Egiptoko bat, Gambiako beste bat, eta siriar bat. Horietako zortzi adingabe dira, eta sei guraso gabe daude.

Joan den ostegunean erreskatearen berri eman zutenean, Matteo Salvini Italiako Barne ministroak argi utzi zuen ez zietela baimena emango Italiako portuetan lehorreratzeko.

Izan ere, azken hilabeteetan migratzaileak zeramatzaten ontzi anitzei galarazi die Italian sartzea, esaterako, azkenean Valentzian lehorreratu zuen Aquarius ontziari (630 migratzaileekin) edo Maltara heldutako Lifeline elkarte alemaniarraren ontziari (230 migratzaileekin).