Gizartea
Immigrazioa
70 migratzaile 'kalean geratzen' dira Bilbon, 'baliabide falta'gatik
Agentziak | Erredakzioa
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak 'bolada edota jende-oldea' izatea errefusatu du, eta 'urtero ematen den' prozesua dela adierazi du.
-
Arriagako plazan 24 orduko bijilia egiten ari dira 50 bat pertsona. Irudia: EiTB
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak adierazi duenez, 70 bat migratzailek gauak Bilboko kaleetan pasatzen dituzte, euskal erakundeetatik ematen dieten "balibabide falta"ren ondorioz. Halaber, "bolada edota jende-oldea" izatea errefusatu du, eta "urtero ematen den" prozesua dela esan du.
50 bat pertsona 24 orduko bijilia bat egiten ari dira Bizkaiko hiriburuko Arriaga plazan, Euskadira iristen diren pertsona migratzaileak eta errefuxiatuak bizitzen ari diren egoera salatzeko.
Txus Elorza plataformako bozeramaileak ohartarazi duenez, herritarrak "mugara"ra iristen ari dira, erakundeek eginbeharrak "betetzen ez" dituztelako, eta Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta udalak "esku hartzera" deitu ditu.
"Orain arte martxan jarritako baliabideak urriak izan dira, eta epe motzerako egindakoak", kritikatu du. Modu honetan, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Bilbora eta beste euskal udalerritara iristen diren pertsona migratzaileen "utzikeria egoera" salatu du; haren hitzetan, zerbitzu soziala "kolapsatuta" dagoela "agerian utzi" du.
Horren harira, plataformak esan du Bilbon Gurutze Gorria azpikontratatu dutela, migratzaileak hiru gauez jaso ahal izateko, eta, horretarako, 88 plaza ezarri dituztela zentrotik urrun dauden eskoletan; "hiru erakundeek emandako 150.000 euroak agortu arte funtzionatuko dute". "Aste Nagusiko su artifizialek 200.000 euroko kostua dute. Zer nahiago dugu?”, galdegin du.