Itxi

Gizartea

Euskara

'EuskarAbentura' Gipuzkoara itzuli da, espedizioa amaitzear dagoela

EiTB.EUS

Donejakue Bidea jarraituz, gazteek kostalde osoa ezagutu dute, Irundik Mutrikura. Euskara, historia, kultura eta musikaren inguruko edukiak landu dituzte, besteak beste.

  • 'EuskarAbentura'ko gazteek kostalde osoa zeharkatu dute, Irundik Mutrikura. Irudia: Euskarabentura

    'EuskarAbentura'ko gazteek kostalde osoa zeharkatu dute, Irundik Mutrikura. Irudia: Euskarabentura

'EuskarAbentura' azken txanpan sartu da dagoeneko, eta Gipuzkoa aldean ibili da, Iparraldetik atera eta Bizkaira sartu bitartean. Donejakue Bidea jarraituz, gazteek kostalde osoa ezagutu dute, Irundik Mutrikura; euskara, historia, kultura eta musikaren inguruko edukiak landu dituzte, besteak beste.

Ostiral honetan Zestoan Ekainberri bisitatuko dute eta larunbatean, Bizkaian sartuta, Markina-Xemeinera helduko dira. Uztailaren 31n Getxon bukatuko dute, abenturako 783 kilometroak osatuta.

Espedizioa astelehenean, uztailak 23, itzuli zen Gipuzkoara, Ipar Euskal Herrian asteburu emankorra igaro ondoren. Besteak beste, Lapurdiko euskararen egoeraren berri izan zuten, eta abenturako lehen bainua hartu zuten Miarritzen. Espedizioa Irundik sartu zen Gipuzkoara.

Asteartean, trena hartu eta espedizioa mendebalderantz abiatu zen. Pasaiako badia txalupa gurutzatu ondoren, Albaola Itsas Kultur Faktoriara iritsi zen, XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplika nola eraikitzen ari diren ikustera.

Asteazkenean, Eneko Goia Donostiako alkateak udaletxean harrera egin eta gosaltzera gonbidatu zuen taldea. Igeldotik gora hartu eta hainbat aldaparen bueltan Oriora heldu ziren bazkaltzera, ostean Zarautzera heltzeko. Bertan Euskaraldian abiatuko den ahobizi eta belarriprest dinamikan parte hartzera animatu zituzten gazteak, eta euskal gizartea azken hamarkadetan nola aldatu den eta hurrengo urteetako erronkei buruz aritu zitzaien.

Osteguneko lehen geldialdia Getarian izan zen Mundubira 500: Elkano Fundazioa ren eskutik Xabier Agoteren hitzak entzuteko.

Azken txanpa

Honezkero espedizioa azken txanpara heltzen ari da. Ostiral honetan Zestoan UNESCOk izendatutako Gizateriaren Ondarea den Ekainberri koba bisitatuko dituzte eta Itziarrera bueltatuko dira lotara.

Larunbatean, Mutriku igarota Gipuzkoa atzean utzi eta Bizkaian sartuko dira Markina-Xemeinera joanez. Herri honetan, azken soziolinguistika hitzaldia jasoko dute dute, Jone Goirigolzarri eta Txerra Rodriguezen eskutik, euskarak Bizkaian bizi duen egoera ezagutzeko.

Hurrengo egunetan Omako Basoa, Santimamiñe, Gernika eta Bilbotik pasa ondoren, uztailaren 31ko goizean Getxora helduko da 'EuskarAbentura'. 10:30ak aldera espedizioak Bizkaia Zubia zeharkatuko du, eta 12:30ean amaiera ekitaldia izango da Andres Isasi Musika Eskolan.