Itxi

Gizartea

Mars Express zunda

Marten aurkitutako lakuak bideragarriago egiten du bizia han, adituek diotenez

agentziak | erredakzioa

"Honek bizitza topatzeko aukerak zabaldu ditu; lehen, susmoa besterik ez zegoen, ez zegoen froga enpirikorik", esan dute adituek. Urteko aurkikuntza dela diote.

  • Mars Express zundak hartutako irudiak

    Mars Express zundak hartutako irudiak. Argazkia: ESA

Marten izozpean ur gazizko laku bat aurkitu izanak handitu egin ditu planeta gorrian bizia aurkitzeko probabilitateak, zenbait zientzialarik Eferi adierazi diotenez. Urteko zientzia aurkikuntza nagusiena dela esan dute.

Italiako ikertzaileek iragarri zuten atzo, asteazkena, historian lehen aldiz frogatu ahal izan dela Marten ur likidoa dagoela, izotz geruza baten azpian dagoen aintzira batean. Aurkikuntza Europako Espazio Agentziaren (ESA) Mars Express zundako radarrari esker egin dute.

Zientzialariek egindako aurkikuntzaren arabera, Plamun Australe deitutako eskualde batean, Marteko hego poloan dagoen izotz geruza batean, radarrak marraztutako irudia eta Antartida zein Groenlandiaren azpian aurkitutakoak oso antzekoak dira.

Alberto Gonzalez Fairen Madrileko CAB zentroko kidearen ustean, "urteko aurkikuntza da" eta ur likidoa topatu eta gero "aukera gehiago daude Marten bizitza izateko". Uste berekoa izan da Jose Antonio Rodriguez Manfredi CABeko kidea: "Honek bizitza topatzeko aukerak zabaldu ditu; lehen susmoa besterik ez zegoen, baina ez zegoen froga enpirikorik".

Gonzalez Fairenen hitzetan, aurkikuntza honekin eta Curiosity roverrek duela hilabete egindako aurkikuntzarekin, "orain badakigu Marten bizidun guztiok ditugun osagaiak dituela: ur likidoa eta osagai organikoak".

Lehen emaitza izan da oraingoa, esan du CABeko ikerlari horrek, baina, adierazi duenez, "baliteke Marteko beste gune batzuetan ere zingirak lur-azpian egotea, eta gure robotek sartzeko errazago izan lezakete (poloak heltzeko zailak dira)".

Aurkikuntza egin duen zientzialari taldea:

Hori dela eta, lurrazalaren azpian bizitza arrastoak edo frogak bilatzea "da Marteren esplorazioaren hurrengo helburu ukaezina".

Horren ildotik azaldu duenez, Martera 2020ean bidaltzekoak diren hurrengo bi roverrek (ExoMars ESAk bidaliko du, eta Mars2020 NASAk) helburu bera izango dute: "Hau une apartekoa da planeten esplorazioan".

Horiez gain, Javier Armentia Iruñeko planetarioaren zuzendari eta astronomoak ere bat egin du gainerako zientzialariekin eta Marten eta urte honetan egin diren aurkikuntza "nagusienetakoa" da.

Gainera, adierazi duenez, Mar Expres zundan jarrita dagoen MARSIS radarrak baieztatu du Lurrean gertatzen den fenomenoa han ere existitzen dela, hau da, izotz geruza handietan zingirak daudela.

"Radar horren datuak nahiko fidagarriak dira, eta lurrazaletik kilometro eta pikura ura baldin badago, horrek esan nahi du mekanismoak han daudela eta posible direla. Bizitzarako baldintzan egon litezke? Orain zilegi da galdegitea", gaineratu du.