Gizartea
Itsas Salbamendua
1.200 migratzailetik gora erreskatatu dituzte asteburu honetan Andaluziako kostaldean
Agentziak | Erredakzioa
65 pateratan iritsi dira, eta Gibraltarko Itsasartean eta Alborango itsasoan salbatu dituzte.
-
Ia 1.200 migratzaile iritsi dira, asteburuan, Andaluziako kostaldera. Argazkia: EFE.
1.200 lagun baino gehiago erreskatatu ditu Itsas Salbamenduak Gibraltarko Itsasartean eta Alborango itsasoan asteburu honetan; 65 pateratan iritsi dira Andaluziako kostaldera.
Ostiralean, guztira, 450 migratzaile salbatu zituzten; 20 pateratan heldu ziren. Larunbatean, aldiz, 330 bat lagun erreskatatu zituzten, eta gehienak Barbatera, Tarifara eta Algecirasera eraman (Cadizen daude hiru portu horiek); horietako 20 baino gehiago adingabeak ziren, eta tartean ume eta nerabe batzuk zeuden, eta haurdun dauden bi emakume ere zihoazen.
400 bat lagun erreskatatuta, igande honetan
Igandean, Itsas Salbamenduak 190 bat lagun salbatu dituzte; Alborango itsasoan zeuden, lau pateratan banatuta. Goizean, 57 migratzaile zituen patera bat begiztatu dute, eta 'Sar Mastelero' izeneko ontziak beste patera batean zihoazen 39 pertsonak salbatu dituzte. 12:00ak aldera, beste 57 lagun jarri dituzte salbu; beste ontzi batean zihoazen.
Bestalde, Frontexen ‘Jason’ hegazkinak beste patera bat begiztatu du; 'Guardamar Polimnia' ontziak eman dio laguntza, eta beste 37 lagun zihoazen barruan.
Itsasartean, aldiz, 210 bat lagun erreskatatu dituzte; 19 pateratan zihoazen. Lehen 75ak Tarifara eraman dituzte, eta besteak Algecirasera.