Itxi

Gizartea

Epaiketa

Fiskaltzak bost urteko kartzela-zigorra eskatu du Juana Rivasentzat

Agentzia | Erredakzioa

Bikotekide ohiak tratu txarrak ematen zizkiolako eta bere seme-alabak babesteko egin zuela ihes berretsi du. Errugabe joko dutenaren itxaropena agertu du.

  • Juana Rivas. Argazkia: FORTA

    Rivas, gaurko epaiketan. FORTAko irudietatik hartutako argazkia

Fiskaltzak bost urteko kartzela-zigorra eskatu Juana Rivasentzat, bi adingabe –bere seme-alabak- lapurtzea egotzita. Gainera, desobedientzia delitu ere egotzi dio. Hilbaete egin zuen ihesean, seme-alabak tratu txarrak ematen zizkion aitaren esku ez uzteko.

Gaur egin dute epaiketa Granadako epaitegi batean. Rivasek berretsi egin du indarkeria matxistaren biktima dela eta errugabea dela, baina Fiskaltzak haren kontrako bost urteko espetxe-zigor eskera berretsi du.

Epaiketa joan den ekainean izan zen egitekoa, baina Juan de Dios Ramirez defentsako abokatuak kasu utzi zuen eta saioa gaur egin dute. Jose Estanislao Lopez abokatuaren laguntza izan du Rivasek.

Epaiketan gertakariak gogoratu dituzte. 2016ko maiatzean, Juan Rivasek bi seme-alaba ditu Francesco Arcuri italiarrarekin izan zuen harremanaren ondorioz. 2016ko maiatzean, bi adingabeekin Italiatik Granadara itzuli zen eta abuztuan bikotekide ohiari jakinarazi zion ez zela Italiara itzultzeko.

Arcuriren "torturapean" bizi nahi ez zuelako bueltatu zen Granadara. 2016an bikotekide ohiaren kontrako salaketa jarri zuen, tratatu txarrak emateagatik. Oraindik auzia argitu gabe dago. Baina 2009an, gizonezkoa zigortu egin zuten, emakumea jotzea eta lesioak eragitea egotzita.

Fiskaltzak bost urteko kartzela-zigorra eskatu du Juana Rivasentzat, bi adingabe lapurtzea leporatuta eta 33 ihesean egoteagatik, seme-alabak aitaren esku ez uzteko, hala egiteko ebazpena bat izan arren.

"Ama naiz eta tratu txarrengatik ihesean ibili naiz, ezin nituen nire seme-alabak bere esku utzi", adierazi du epaiketan. Indarkeria matxistaren biktima dela eta bere seme-alabak babesteko egin zuela berretsi du.

Azkeneko hitza bere seme-alabak buelta diezazkiotela eskatzeko baliatu du. Errugabe joko dutenaren itxaropenari eusten diola eta borrokan jarraituko duela azpimarratu du.

Epaiketa 09:30ean hasi da. Juana Rivas bere abokatuarekin, Jose Estanislao Lopezekin, eta senitartekoekin batera heldu da. Epaitegiaren aurrean ehun bat lagun bildu dira, babesa emateko.

Francesco Arcuri senar ohia akusazio partikularra da, eta Italiatik deklaratu du bideokonferentziaz.

Tratu txarrak

Juana Rivasek beti esan du senar ohiak ematen zizkion tratu txarrengatik joan zela Carloforten (Italia) bikoteak zeukan etxetik, eta arrazoi beragatik, beldurragatik, ia hilabete egon zela toki ezezagun batean gordeta. Tarte horretan milaka lagunen babesa jaso zuen, "Juana nire etxean dago" lelodun kanpainarekin.

Arcuri 2009an zigortu zuten lesioak eragiteagatik. 2016an haren kontrako beste salaketa bat jarri zuen Juana Rivasek Espainian. Granadako epaitegi batek, ordea, gertakariak Italian jazo zirela eta, auzia Italian epaitu beharrekoa zela ebatzi zuen. Salaketa 14 hilabete geroago heldu zen Italiako Justiziaren eskuetara, "irregulartasun askoren"  ondoren.

Granadako 2 zenbakiko Instrukzio Epaitegiak Rivasen senitartekoak, abokatua eta Maracenako udal psikologoa ere ikertu zituen, adingabeak osteko prozesuan izan zuten parte hartzeagatik. Guztiak absolbitu zituzten, Rivas bera kenduta.

________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.