Gizartea
'LA MANADA' AUZIA
750 epailek 'La Manada' auziko epaimahaiaren aurkako 'presio soziala' salatu dute
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Zehazki, kexa bat aurkeztu dute Europako Epaileen Kontsulta Batzordearen aurrean Espainiako epaileen independentzia 'babestea' eskatzeko.
-
'La Manada'ren askatasunaren aurkako protesta. ETBren bideo batetik ateratako pantaila irudia.
750 magistratu espainiarrek kexa bat aurkeztu dute Europako Epaileen Kontsulta Batzordearen aurrean, 'La Manada' auziko epaimahaiak pairatutako "presio soziala" salatzeko.
Espainiako independentzia judiziala mehatxupean dagoela salatu dute. Are gehiago, epaimahaiaren aurkako "presio soziala lintxamendu publiko" izatera ere iritsi dela uste dute. Sinatzaileen iritziz, hori guztia politikarien "konplizitate eta bultzadarekin" gertatu da.
Epaile horiek beren idatzian salatu dutenez, botere legegilearen eta betearazlearen interferentzien aurrean babesik gabe daude.
Hori dela eta, laguntza eskatu diote Europako Epaileen Kontsulta Batzordeari, besteak beste, Europako Kontseiluak ezarritako arauak betetzen lagun diezaion Estatu espainiarrari. Zehazki, Gobernuaren eta botere legegilearen erantzuna botere judizialaren kontrako erasoa izan den zehazteko, eta Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Europako Epaileen Kontsulta Batzordearen txosten bat urratu ote duen argitzeko eskatu diote.