Gizartea
Immigrazioa
Igarobidean dauden migratzaileak artatzeko aldi baterako aterpeak prestatzen ari dira
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, Eudel eta EAEko hiriburuetako eta Irungo udalak bildu dira, eman beharreko erantzun bateratuan “lankidetza” areagotzeko.
Igarobidean dauden eta Euskaditik pasatzen diren migratzaileei bi egunetan zehar komuna, janaria eta ohea eskaintzeko, aldi baterako aterpetxeak prestatzen ari dira EAEko erakundeak.
Eusko Jaurlaritzako, foru aldundietako, Eudeleko, eta EAEko hiru hiriburuetako eta Irungo (Gipuzkoa) udaleko ordezkariak bildu dira arratsaldean, Gasteizen, eman beharreko erantzun bateratuan “lankidetza” areagotzeko.
Bilera bukatu ondoren, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez, garraio geltokietan “informazio puntuak” jarriko dituzte, aterpe berriak sortuko dira eta otordu zerbitzu bat antolatuko dute, bidaia “luze eta penagarria” egiten ari diren pertsona horiek “baldintza duinak” izateko Euskadiko egonaldian.
Bizkaian, 48 pertsonarentzako tokia duen aterpetxe bat dago eta beste 40 pertsonarentzako tokia eskainiko dute, sailburuaren esanetan. Gipuzkoan ere, gehiago zabalduko dituzte, 40 inguru. Araban, ostera, ez da leku gehiagorik behar, baina premiarik badago aterpe bat non ireki daitekeen aztertuko dute, “badaezpada”.
Igarobidean zeuden 581 migratzaile heldu dira udan Euskadira. 300 gau baino gutxiago igaro dituzte EAEn; izan ere, Europako beste toki batzuetara joateko asmoa zuten. % 5ek soilik eman dituzte bi egun baino gehiago Euskal Autonomia Erkidegoan.