Gizartea
Bidesariak
Auto-ilara bat egin dute, AP-8ko bidesaria ordaindu behar izatearen aurka
Agentziak | Erredakzioa
AP-8 Peajerik Ez plataformak Ermua-Eibartik hasi eta Bilborako auto-ilara batean hartu du parte, Durangotik pasata. Bidesari hori "Euskadi banatzen duen horma" dela uste du.
-
AP-8 Peajerik Ez plataformaren protesta bat. Artxiboko irudia: EiTB
AP-8 Peajerik Ez plataformako kideek auto-ilara batean parte hartu dute larunbat goiz honetan Ermua-Eibartik Bilboraino, Durangotik pasata, autobide hori erabiltzearen aurka protesta egiteko.
Plataformatik jakitera eman dutenez, hogei bat ibilgailuk hartu dute parte ekimenean. AP-8a "Euskadi banatzen duen horma" dela uste du, baita "bizkaitarren eta gipuzkoarren arteko muga bat" ere, erabiltzeko ordaindu egin behar delako.
"Amortizatuta dagoen bidesari bat ordaintzeaz nazkatuta gaude", esan du Juan Carlos Poderoso erakundeko ordezkariak.
AP-8 Peajerik Ez plataformak bi urte baino gehiago daramatza lanean Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiek azpiegituragatik kobratzeari uzteko, izan ere, kontzesioa 2003an amaitu zen.
Erakundearen ustez, foru aldundiek Espainiako Gobernuak emandako eredua jarraitu beharko lukete, izan ere, kontzesio kontratuak amaituta bidesarien ordainketa kentzea erabaki du.