Itxi

Gizartea

Emakumeen segurtasuna

Gaueko autobus zerbitzuak tarteko geltokiak izango ditu Andre Maria Zuriaren jaietan

Agentziak | Erredakzioa

Udal Gobernuko iturriek zehaztu dutenez, Tuvisak zerbitzua Andre Maria Zuriaren jaietan eskaintzeko asmoa du, behin tramitazio epe guztiak bete ondoren.

  • Tuvisako autobus bat Gasteizen. Artxiboko irudia: EiTB

    Tuvisako autobus bat Gasteizen. Artxiboko irudia: EiTB

Emakumeen eta adingabeen segurtasuna hobetzeko, gaueko autobusen tarteko geralekuak Andre Maria Zuriaren jaietan martxan egongo direla uste du Gasteizko Udalak.

Udal Gobernuko iturriek zehaztu dutenez, Tuvisak zerbitzua Andre Maria Zuriaren jaietan eskaintzeko asmoa du, behin tramitazio epe guztiak bete ondoren.

Neurria ezohiko Udalbatzan onartuko dute ostiral honetan, eta ondoren Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialari (ALHAO) igorriko diote. Argitaratu ondoren, 20 eguneko epea izango da alegazioak aurkezteko, behin betiko onartu baino lehen. Hala ere, alegazioak baldin badaude epeak luzatu daitezke.

Horrela, Tuvisaren helburua zerbitzu berria Andre Maria Zuriko jaietan abian izatea da.

EH Bildu: "Ezin da gehiago atzeratu"

Geltokiak lehenbailehen martxan jartzeko eskatu dio Iratxe Lopez de Aberasturi EH Bilduko zinegotziak EAJ-PSEren Udal Gobernuari; izan ere, gautxorien tarteko geralekuak ezartzeko proposamena duela zazpi hilabete onartu zuen Udalbatzak. Neurria “ezin da gehiago atzeratu”, ohartarazi du.

Tuvisa garraio enpresa publikoak ekimena esperientzia pilotu batekin martxan jartzea planteatu du, G-3 gaueko linean, hain zuzen ere. Zabalgana eta hiriko erdialdea lotzen ditu linea horrek.

Besteak beste, gidariari espresuki eskatu behar diote emakumeek eta adin txikikoek; geltoki bateko aurrerapenarekin jaitsi nahi diren lekua zehaztuko dute, eta autobusaren aurreko atetik jaitsiko dira.