Gizartea
Migrazio krisia
Migratzaileak hartzeko 48 plazako larrialdi zentro bat eraikiko dute Bilbon
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bestalde, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak mobilizazioak hasi ditu, migratzaileentzako 80 plazako aterpetxea eskatzeko.
-
Migratzaileak Bilbon. Artxiboko argazkia: EiTB
Bilbon migratzaileak hartzeko larrialdi zentro bat eraikitzea adostu dute euskal erakundeek. Hasiera batean 40 plaza izango ditu eta beste 40 gehituko dizkiote gerora.
Halaber, migratzaileei laguntza eskaintzeko eta informazioa emateko zerbitzu bat osatuko dute. Gurutze Gorriak kudeatuko ditu biak, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.
Bilbora iristen diren etorkinei aterabide bat emateko plana gauzatzeko aurrekontua 150.000 eurokoa da. Eusko Jaurlaritzak 100.000 euro jarriko ditu; Bizkaiko Foru Aldundiak 30.000; eta Bilboko Udalak 20.000 euro.
Bilbon bildu dira hiru erakunde horietako eta Gurutze Gorriko ordezkariak, baita CEAR-Euskadi eta Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeetakoak ere izan dira bileran.
Eusko Jaurlaritzaren asmoa da gainerako lurraldeetan ere antzeko neurriak hartzea, Euskal Autonomia Erkidegora heltzen diren etorkinen kopuruak gora egin baitu azkenaldian.
Bestalde, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak mobilizazioak hasi ditu gaur Bilboko udaletxe aurrean, migratzaileentzako 80 plazako aterpetxea eskatzeko.