Itxi

Gizartea

Indarkeria matxista

Sanferminetan 'betiko moduan' janzteko deia egin dute elkarte feministek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Andrea eta Lunes Lilas elkarteek festetan parte hartzeko deia egin diete emakumeei eta herritarrei "betiko moduan" janzteko deia egin diete, baina zapi morea jarrita.

  • 2017ko sanferminetan indarkeria matxistaren kontra egindako bilkura bat. Argazkia: EiTB

    2017ko sanferminetan indarkeria matxistaren kontra egindako bilkura bat. Argazkia: EiTB

Tere Saez Andrea eta Lunes Lilas elkarte feministetako ordezkariak San Fermin festetan "betiko moduan" janzteko deia egin die herritarrei, baina indarkeria matxistaren kontrako sinbolo diren esku gorria eta zapi morea soinean jarrita.

Halaber, festetan parte hartzeko eskatu die emakumeei: "Urte asko behar izan ditugu kaleak, gaua eta festak gozatu ahal izateko eta, beraz, ezin ditugu jaiak utzi, sanferminetan egon behar dugu, gozatuz eta libre".

Emakumeak beltzez janzteko edota sanferminetako festetan parte ez hartzeko deia zabaldu da azken orduetan sare sozialetan. Deialdi horren aurka azaldu dira elkarte feministak eta "festak emakumeentzat" izan behar direla aldarrikatu dute.

"Emakumeak sanferminetan ohikoa den moduan jantzi daitezela edo gustuko duten moduan, baina esku gorria eta zapi morea eraman dezatela", berretsi du Saezek. Mugimendu feministak laster proposamen gehiago egingo dituela erantsi du.

Udalari ere eskaera bat egin dio: udaletxearen fatxada morez argiztatu dadila Nagore Laffagaren oroimenez eta haren argazkia hiriko toki ezberdinetan jar dezatela. "10 urte dira Nagore Laffage erail zutela; inoiz ez dugu onartuko homizidioa izan zela, alkohola edan izana edo dirua izatea aringarriak ez direla ulertzen dugulako", salatu du.

"Orduan ikusi genuen justizi itsu zegoela, justizia patriarkala zela eta egun ere hala izaten jarraitzen du. Horrelako gertakariak ez dira ezkutatu behar, indarkeria matxistari mahai gainean jarrita soilik egin ahal zaio aurre", azpimarratu du.

Zentzu horretan urrats batzuk izan badira ere, oraindik egiteko asko dagoela esan du Saezek. "Zigor Kodea aldatzea ez da nahikoa, sexu-indarkeriaren kontrako legea behar da".

"Ezetza ezetz" dela ulertaraztea garrantzitsua dela esan du, baina "are garrantzitsuagoa da 'baietza' bakarrik dela 'baietz' ulertzea". Alegia, sexu-harreman bat izateko ez dela nahikoa onespena, bien desioa ezinbestekoa dela.