Itxi

Gizartea

Ikerketa

Sanferminetan ez da beste festa batzuetan baino sexu-eraso gehiago izaten

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Nagore Laffagaren hilketak eta 'La Manada'ren auziak aurrekari bat ezarri dute Iruñean. Azken urteetan salaketa kopuruak gora egin du, baina gizartearen kontzientziazioaren ondorioz izan da hori.

  • Una concentración para denunciar la violación ocurrida en sanfermines de 2016. Foto de archivo: EFE

    Una concentración para denunciar la violación ocurrida en sanfermines de 2016. Foto de archivo: EFE

Iruñeko sanferminetan ez dira beste festa batzuetan baino sexu-eraso edo abusu gehiago izaten. Hala dio Iruñeko Udalak eskatuta Nafarroako Unibertsitate Publikoak egin duen ikerketak.

Ikerketa egiteko sanferminak Valentziako Fallekin, Malagako Feriarekin, Valentziako Buñol herriko Tomatinarekin edo Zaragozako Pilarreko Andre Mariaren jaiarekin alderatu dituzte.

Txostenare arabera, 2004tik 2017ra bitartean sexu askatasunaren kontrako delituekin lotuta 74 salaketa aurkeztu dira sanferminetan: 27 sexu-eraso eta 42 sexu-abusu. Gainerako bostak ezin izan dituzte sailkatu, informazio faltagatik.  Urte horietan, 64 salaketa izan ziren Valentziako Falletan, 73 Malagako Ferian, 4 Buñolgo Tomatinan eta 52 Zaragozako Pilarren.

Lohitzune Zuloaga eta Paz Frances irakasleek zehaztu dute datu horiek Barne Ministerioak emandakoak direla, baina, tamalez, sexu-erasoak askoz gehiago direla, gutxi salatzen baitira.

Bestalde, ikerketa egiteko aztertu dituzten festen luzapena berdina ez dela kontuan hartu behar dela esan dute: Iruñeko eta Zaragozako jaiek bederatzi egun dituzte; Malagakoak zortzi; Valentziakoak bost; eta Buñolekoa egun bakarrekoa da.

Azken urteotan sanferminetan izan diren salaketa kopuruaren bilakaera: 2006an eta 2007an ez zen salaketarik izan; 2008an eta 2009an bina izan ziren; 2010ean lau; 2011n hiru; 2012an bi; 2013an bost; 2014an zazpi; 2015ean hiru; 2016an 20; eta 2017an 22.

Ikerketaren egileen esanetan, Nagore Laffageren hilketak  eta 'La Manada'ren auziak aurrekari bat ezarri zuten Iruñean eta horrek eragin du azken urteotan salaketa kopuruak gora egin izana, sexu-erasoen aurrean gizartearen kontzientziazioa handiagoa delako.

Ildo horretan, Iruñea da sexu-eraso edo sexu-gehiegikeria kasu gehien argitu dituen hiria; sanferminetan izan diren kasuen  % 94,74tan identifikatu dituzte erasotzaileak.

Eraso gehienak 00:00etatik 07:00etara bitartean gertatzen dira, hirigunean. Abusuak tabernetan edo leku publikoetan izaten dira batez ere; sexu-erasoak, berriz, leku ezkutuetan, lekukoengandik urrun eta indarkeria eta beldurra erabilita. Erasotzaileak Espainiako naziotasuna du eta ez da Iruñean bizi.

Itziar Gomez  Hiriko Segurtasun zinegotziak azpimarratu du ikerketa honek erakusten duela Iruñea "hiri segurua" dela eta "eredugarria" sexu-erasoak eta abusuak salatzerakoan eta arbuiatzerakoan iruindarrek eta erakundeek erakusten ari diren jarreragatik.