Gizartea
2018ko Alardea
20. urtez berdintasuna aldarrikatu du alarde parekideak Irunen
EITB.EUS | EUSKADI IRRATIA
07:40etan abiatu da alarde tradizionala Urdanibia plazatik, eta 10:20ean irten da alarde parekidea toki beretik. Beste urte batez, Irungo alkateak ez die harrerarik egin azken hauei.
Jai giroan murgildura dabiltza goizean goizetik Irunen. Eguraldia lagun, milaka lagun ari dira San Martzial egun honetan parte hartzen, batzuk soldadu gisa, eta beste batzuk ikusle gisa.
07:40etan abiatu da alarde tradizionala Urdanibia plazatik, eta 10:20ean irten da alarde parekidea toki beretik.
Alarde tradizionala izan da lehena desfilatzen: ia 8.000 soldaduk zeharkatu dituzte Irungo kaleak, 19 konpainiatan banatuta eta kantinera bana buru zutela.
07:40etan atera dira Urdanibia plazatik, San Joan plazan arma ikuskatzea eta deskargak egin dituzte eta hantxe Jose Antonio Santanto Irungo alkateak egin die harrera. Alarde parekideari ez dio harrerarik egin, baina bere "errespetu guztia" dutela esan du komunikabideen aurrean.
Ondoren, alarde parekidearen txanda izan da. Aurten 20 urte bete ditu emakumeek ere soldadu gisa desfilatzen duten alarde honek.
10:20ean abiatu dira, Urdanibia plazatik ibilbide bera egiteko: 11 konpainia eta 1.300 -1.500 lagun inguru.
Ez Irungo alkateak, ez Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek ezta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek ere ez diete egin harrera alarde parekideko kideei. Han izan dira, ordea, EH Bilduko hainbat ordezkari (Maddalen Iriarte eta Juan Carlos Izagirre, adibidez), Podemosekoak (Josetxo Arrieta senatariak eman die hiriaren bandera berdintasunaren aldeko alardeari), Ezker Anitza-IUko ordezkariak, eta aurten, lehen aldiz, EAJko zenbait kide egon dira udaletxeko balkoian, Eider Mendoza eta Maria Eugenia Agirrezabalaga, esate baterako. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta Julia Hernandez Arartekoaren albokoak ere harreran izan dira. Landaidak adierazi du "tamalgarria" dela Santano alkatearen jarrera eta "gero eta pertsona gehiagok" hartzen dutela parte alarde parekidean, "gazteak batez ere", eta beraz, "etorkizuna berdintasunaren aldekoa" izango dela.
Irunen gaude, @Ararteko-rekin batera, aurten 20 urte bete dituen #AlardeParekidea-ri gure babes osoa adierazteko. ¿¿ Gero eta gazte gehiagok hartzen du parte. Atzera pausorik ez duen prozesu baten aurrean gaude, etorkizuna berdintasunaren aldekoa delako. #IrungoAlardea pic.twitter.com/9UDOyIPyNQ
— Emakunde (@emakundEJGV) 30 de junio de 2018
Goizeko programa San Martzial mendira igoz amaitu da. 12:00etan 1522 urteko gertaerak gogoratu dituzte, lore eskaintza izan da, meza, eta bazkaria ondoren. Arratsaldean berriz ere desfilatuko dute.
Alarde parekideak 20 urte
San Martzial eguna tarteko, Irungo alarde parekidearen aldeko mezua plazaratu dute Emakundek eta Arartekoak.
Gizon eta emakumeek osatzen duten alardeak 20 urte bete dituen honetan, dei zuzena egin diete erakundeei "berdintasunaren aldeko neurriak" har ditzaten.
Arartekoak dei egin die botere publikoei erakundeen babesa eman diezaioten gizon-emakumeek osatzen duten alardeari, "berdintasunaren alde oztopoak kenduz, eta beharrezko neurriak hartuz".
Irungo Udalari, zehazki, "berdintasunaren alde elkarrizketa prozesua abiaratu dezala" eskatu dio Emakundek.
LAB sindikatuak, bere aldetik, alarde parekidearen alde kalera irteteko deia egin du. Duela 20 urte Irungo emakume iraultzaile batzuk soldaduz janzteko erabakia hartu zutela gogorart eta eskerrak eman dizkie, eurei esker "Euskal Herriko emakumeak libreago garelako".