Gizartea
Helegitea
'La Manada' aske utzi izanaren aurkako helegitea jarri dute Fiskaltzak eta biktimak
Agentziak | Erredakzioa
Orain gertaerak epaitu dituen eta 'La Manada'ko bost kideak aske uztea erabaki duen auzitegi berak ebatziko du aurkeztutako helegitea.
-
'La Manada'ko bost kideak. Artxiboko irudia: EiTB
Ministerio Fiskalak eta biktima ordezkatzen duen akusazio partikularrak Nafarroako bigarren sekzioko auzitegiko autoaren aurkako helegitea aurkeztu dute, 'La Manada'ko bost kideak fidantzapean eta behin-behinean aske uztea agintzen duenaren aurka. Bederatzi urteko kartzela-zigorra ezarri zieten, 2016ko sanferminetan Madrilgo gazte bati sexu-abusua egitea egotzita.
Lehengo ostiralean eman zieten autoaren berri bi parteei, eta hiru eguneko epea ezartzen zuen jakinarazpenetik helegitea aurkezteko. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak ere, akusazio popularrean jarduten dutenak, helegitea aurkezteko asmoa iragarri zuten.
Orain gertaerak epaitu dituen eta 'La Manada'ko bost kideak aske uztea erabaki duen auzitegi berak ebatziko du aurkeztutako helegitea.
Hiru magistratutik bik osatutako gehiengoak eman zuen autoa. Epaileek ez dute zigortuek ihes egiteko arriskurik ikusten, akusazioak eskatzen zituen zigorrak "nabarmenki" murriztu ostean, eta delitua berriro gauzatzeko arriskurik ere ez ikusita.