Itxi

Gizartea

Haur lapurtuak

Haur lapurtu kasu baten lehen epaiketa hasi da Madrilen

erredakzioa

Eduardo Vela medikuak, 1969an haur bat lapurtzea leporatuta auzipetuta dagoen 85 urteko ginekologoak, esan du ez dela ezertaz oroitzen eta ez du bere sinadura ezagutu ere egin.

  • Haur lapurtuen elkarteetako ordezkarien protesta, auzitegiaren atarian. Argazkia: Efe

    Haur lapurtuen elkarteetako ordezkarien protesta, auzitegiaren atarian. Argazkia: Efe

Gaur hasi da Madrilgo Lurralde Auzitegian haur lapurtuen auzia argitzeko lehenengo saioa. Fiskaltzak 11 urteko kartzela-zigorra eskatzen du Eduardo Vela 85 urteko medikuarentzat. 1969an ustez lapurtutako Ines Madrigalena da Auzitegira iritsi den lapurtutako haurrei buruzko lehen kasua.

Epaitegi atarian justizia eske bilkura egin duten Estatuko 28 elkarteen artean Euskal Herritik joandakoak ere izan dira. Epaiketa, lehena izaki, erreferente izatea espero dute Hego Euskal Herrian haur lapurtuen kasuak salatu dituzten 342 familiek.

Lehenengo epaiketa honetan, Eduardo Vela akusatuak adierazi du berak ez zuela izenpetu Ines Madrigal salatzailearen jaiotze-agiri faltsua.

Fiskaltzaren eta akusazioaren abokatuen galderen gehiengoari ez die erantzun ez zelako gogoratzen, eta erantzun duenean, bere hitz laburrak entzungaitzak izan dira.

Akusatuari hainbat delitu leporatzen zaizkio: adin txikikoak lapurtzea, dokumentuak faltsutzea, izan ez zen erditze bat ziurtatzea eta pertsonak atxikitzea. Fiskaltzak, horregatik, 11 urteko espetxe zigorra eskatzen du.

Ines Madrigal, egungo Murtziako SOS haur lapurtuak elkarteko presidenteak lortu du duela gutxi arte pentsaezina zirudiena: prozedura judizialarekin aurrera jarraitzea. Espero du lehen epaiketa honek bidea urratzea. Gauza bera espero du ahizpa falta duen Mertxe Aizpurua zumaiarrak. Aizpurua Madrilen izan da gaur elkartasuna adierazten.

Biktimen elkarteen arabera, 2.000 kasu inguru izan dira Espainiako Estatuan artxibatu dituztenak.

Vela medikuaren aurkako Epaiketak bihar jarraituko du, lekuko gehiago eta hainbat adituren testigantzekin, eta itxuraz, epaiaren zain geratuko da.