Gizartea
Donostia
Dbusek eskaripeko geldialdien sistema hasi du gaur gautxori linean
EiTB.EUS
Emakume eta adin txikikoek Miraconcha-Benta Berri-Seminario lineako geltoki ofizialen artean gelditzeko eskaera egin ahal izango dute.
-
Miraconcha-Benta Berri-Seminario lineako geltokietan emango da zerbitzua. EiTB
Dbus Donostiako autobus konpainia publikoak eta bertako Udalak eskaripeko geldialdien sistema probatuko dute ostiral honetatik aurrera B8 Miraconcha-Benta Berri-Seminario gautxori linean.
Pilar Arana Mugikortasun eta Garraio zinegotziak azaldu duenez, geltoki ofizialen artean gelditzeko eskaerak egin ahal dira linea horretako leku jakinetan.
Emakumeek eta adin txikikoek ibilbidearen geltoki ofizialen artean gelditzeko eskaera egin ahal dute, "autobuseko bidaia seguruago izan dadin beraientzat".
B8 lineak ostiral eta larunbatean eskaintzen du zerbitzua eta hiriaren mendebaldetik egiten du bere bidea. Hain zuzen ere, ingurune horretako kale batzuen ezaugarriak direla-eta erabaki dute sistema berria bertan probatzea.
Eskaripeko geldialdia emakumeek edota 18 urtetik beherakoek eskatu behar diote, berariaz, gidariari, geldiune bateko aurrerapenarekin. Jaisteko eskaera egin duen erabiltzaileak autobusaren aurreko aldean jarri beharko du, aurreko atetik jaitsi beharko baitu.
Eskaripeko geldialdiak jaisteko bakarrik dira. Horrez gain, erabiltzailearentzat arriskutsuak ez diren baldintzetan egingo da jaitsiera eta, horregatik, istripu posibleak ekiditeko, espaloia dagoen tokietan egin ahal da.