Gizartea
EuskarAbentura
Euskara ardatz, Maule eta Getxo lotuko dituzte, hilabeteko ibilbidean, 140 gaztek
eitb.eus
Uztailaren 1ean abiatuko dira Zuberoako hiriburutik. Euskal Herriko Gizateriaren Ondare guztiak ezagutuko dituzte, eta hainbat ekintza prestatu dituzte bidean. Euskaraz egingo dituzte guztiak.
-
Ibilbidearen mapa / EuskarAbentura.
Uztailaren 1ean hasiko da EuskarAbentura, 140 lagunen hilabeteko ibilaldia Euskal Herri osoan zehar. 16-17 urteko 110 gaztek eta 30 laguntzailek osatzen dute lantaldea. Gazteek Euskal Herriko "geografia, historia, kultura eta errealitate soziolinguistikoan sakontzeko aukera paregabea" izatea da antolatzaileen helburua.
Maule-Lextarretik Getxorainoko ibilbidea egingo dute, Donejakue bide desberdinak jarraituz. Hiriburu guztiak eta Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako tokiak bisitatuko dituzte. Guztira, 783 kilometro egingo dituzte; horietako 483, oinez.
Gizateriaren Ondareak dira, hain zuzen, Ekainberri eta Santimamiñeko kobazuloak, Bizkaia zubia, Donemiliaga Kukulako monasterioa eta Donejakue bidea. Gainera, Eunate, Añanako Gatz Harana eta euskal kostaldeko geoparkea ere ezagutuko dituzte.
Bidean ekintza ugari egingo dituzte, beste gonbidatu batzuen parte-hartzearekin. Esaterako, Ander Lipus aktoreak ahots-adierazpen lantegia emango die, eta Miren Amurizak eta Odei Barrosok, hitza-literatura sorkuntzakoa.
Gazteekin batera, antolakuntzako kideak, 12 "xerpa", medikua, erizaina, gidaria, argazkilaria eta kazetariak joango dira. Horien esanetan, oraindik bigarren mediku batentzako lekua dago lantaldean.
Parte-hartzaileen taldean, 48 bizkaitar, 23 nafar, 20 gipuzkoar, 13 arabar, lapurtar bat, behe-nafar bat eta zuberotar bat daude. Gainera, Washington eta Patagoniako gazte bana ere izango dira EuskarAbenturan.
72 neskak dira, eta 38, mutilak. Maule-Lextarren uztailaren 1ean elkartuko dira, eta hilaren 2an abiatuko dira. Sare sozialetan emango dute abenturaren berri.