Gizartea
Indarkeria matxista
'La Manada' taldeko bost kide zigortuek Sevillako epaitegian sinatu dute dagoeneko
Agentziak | Erredakzioa
Alfonso Jesus Cabezuelo, Jose Angel Prenda, Angel Boza, Antonio Manuel Guerrero eta Jesus Escudero ordena horretan agertu dira epaitegian.
Alfonso Jesus Cabezuelo izan da gaur Sevillako epaitegietan agerraldia egin duen 'La Manada' taldeko aurreneko kidea. Nafarroako Lurralde Auzitegiak ezarritako kautelazko neurrietako bat bete du horrela, iragan ostiralean kartzelatik fidantzapean atera ondoren.
Gaztea 09:00ak aldera sartu da eraikin judizialean, eta hamar bat minutu egon da barruan, kanpoaldean hainbat kazetari zain zituela.
Epaitegian agerraldia egin ondoren, alboko aparkalekuan motorrean zain zuen lagun batek hartu du, eta alde egin dute.
Jose Angel Prenda 11:00ak aldera agertu da Sevillako epaitegian, Cabezuelok gauza bera egin baino bi ordu geroago. Bigarren zigortua bakarrik heldu da epaitegira.
Sevillako gazteak bost minutu eskas eman ditu epaitegi barruan. Atera denean, beste gazte bat zuen zain, motorrean, eta berehala joan dira.
Epaitegitik ateratakoan, Prendak ez du adierazpenik egin izan nahi, eta mespretxuzko keinuak eskaini besterik ez du egin.
Jose Angel Prenda, 'La Manada' taldeko kide zigortuetako bat, Sevillako epaitegian. Argazkia: EFE
Angel Boza hirugarrena izan da epaitegira heltzen, Cabezuelo eta Prendaren atzetik. Boza 11:30ean iritsi da bertara, eta ez du adierazpenik egin nahi izan.
Angel Boza, 'La Manada' taldeko kide zigortuetako bat, Sevillako epaitegian. Argazkia: EFE
Antonio Manuel Guerrero guardia zibila 12:30ean azaldu da, Boza baino ordu erdi geroago. Gainerako kideak ez bezala, Guerrero autoan heldu da, baina honek ere ez du adierazpenik egin kazetarien aurrean.
Gaztea, eguzkitako betaurrekoak, polo zuri bat eta praka motz urdinak jantzita zituela sartu da epaitegira. Sinatu ondoren, autora joan da, oinez, ibilgailu barruan pertsona bat zain baitzuen.
Sinatzen azkena Jesus Escudero izan da. 12:45ean heldu da, eta bost minutu geroago alde egin du motorrean.
6.000 euroko fidantza ordainduta, kartzelatik ateratzeko aukera eman zien Nafarroako Lurralde Auzitegiak. Auziko alde guztiek helegiteak jarri zituzten epai horren aurrean, eta, horiek ebatzi bitartean, aske uzteko erabakia hartu zuen Auzitegiak. Bederatzi urteko espetxe-zigorra ezarri zien epaimahaiak 18 urteko emakume bati sexu-abusuak egiteagatik.