Itxi

Gizartea

SEXU-ERASOA

Pozoblancoko epaileak 'La Manada'ko lau kideren aurka hasitako ikerketa luzatu du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Prozedura 'konplexua' dela argudiatu du instrukzioa daraman epaileak. Pozoblancoko epaileak ia bi urte daramatza 21 urteko emakume bati egindako sexu-erasoa ikertzen.

  • Pozoblancoko Instrukzio Epaitegiak luzatu egin du 'La Manada'ko 5 kideetako 4ren kontrako ikerketa.

    Pozoblancoko instrukzio epaileak luzatu egin du 'La Manada'ko kideen aurkako ikerketa.

Kordobako Pozoblanco udalerriko 1. Instrukzio Epaitegiak luzatu egin du 21 urteko emakume bati egindako sexu-eraso batengatik 'La Manada'ko bost kideetako lauren kontra abiatutako ikerketa, "konplexua" dela argudiatuta. Ia bi urteko ikerketaren ondoren, oraindik ez dago epaiketarako datarik.

'La Manada'ren defentsako iturriek EFE albiste agentziari azaldu diotenez, ez dago ikerketa luzatzeko arrazoirik. Are gehiago, ez diote konplexutasunik ikusten kasuari. Horien esanetan, ikerketak amaituta behar luke.

Defentsak ziurtatu duenez, aurretiko eginbideen fasean ez akusazio partikularrak, ez Fiskaltzak eta ezta defentsek ere ez dute froga gehigarririk eskatu. Hori dela eta, defentsak ez du ulertzen zergatik ez duen epaileak auzipetze-autoa oraindik jakinarazi. Ondorioz, "unea iritsitakoan" defentsak ez du baztertzen luzamendu horregatik epaitegietan kexa aurkeztea.

Hogei hilabeteotan ikerketa bere gain daraman epaileak hiru alditan hartu die deklarazioa biktimari, preso dauden 'La Manada'ko lau kideei (bideokonferentzia bidez) eta hainbat lekukori.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.