Itxi

Gizartea

Gaixotasunen zerrenda berria

Transexualitatea ez da buruko eritasuna, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera

Agentziak | Erredakzioa

Ia hiru hamarkadetan lehen aldiz eguneratu dute Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapena. Gainera, bideo-jokoen gehiegizko erabilera jokabide desordenen artean sartu dute.

  • Artxiboko irudia: EiTB

    Artxiboko irudia: EiTB

Transexualitateak buruko eritasuna izateari utzi diola erabaki du Osasunaren Mundu Erakundeak (OME). Bestalde, bideo-jokoen gehiegizko erabilera jokabide desordenen artean sartu du. Ia hiru hamarkadetan lehen aldiz eguneratu du OMEk Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapena.

11 urte lanean eman ondoren, transexualitatea buruko eritasunen zerrendatik atera du OMEk. LGTBI elkarteek urteak eman dituzte bertatik ateratzea eskatzen. Horrela, genero-identitate desordena sexu jokabideen zerrendan sartu du erakundeak.

Sailkapenaren barruan mantentzen da, pertsona batek laguntza medikoa behar eta bilatzen duenean jaso dezan; izan ere, herrialde askotan diagnosia zerrendan ez badago, sistema publikoak edo pribatuak ez du tratamendua ordaintzen.

Sailkapeneko beste aldaketa esanguratsua hauxe da: bideo-jokoak desordena berri bat dira, “joko” kaltegarria, hain zuzen ere. Apustu egitearen maila berean jarri du OMEk.

Bideo-jokoekin jolasten dutenen % 2-3k jokabide kaltegarria edo gehiegi jolasten dutela uste du OMEk, baina ziurtasun zientifikoa izan nahi du.

Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapena gaitz, desordena, baldintza eta heriotzaren arrazoi guztien kodifikazio estandarizatu bat da; herrialdeek datu estatistiko eta epidemiologikoak lortu ahal izateko, ondoren programak martxan jarri ala baliabideak bideratzeko.

Sailkapenaren azken eguneraketa duela 28 urte egin zuten, eta azken 11 urteetan informazio zientifikoa aztertu dute, estandar berri bat sortzeko. Horrela, mundu osoko osasun-langileek estandarra erabili dezakete. Hala ere, Estatuek egokitzeko denbora dute oraindik, 2022ko urtarrilaren 1era arte, hain zuzen ere.

Kasu askotan zaharkiturik zegoen sailkapena eguneratzeko balio izan du prozesuak, ez baitzuen errealitatea islatzen edo orain gaixotasunak ala desordenak diren jokabideak ez zituen jasotzen.