Itxi

Gizartea

'InFormazioa' kanpaina

Interneten eta sare sozialetan albiste faltsuak antzemateko gida

eitb.eus

Oinarrizko jarraibide batzuk kontuan hartuta, erraz antzeman daiteke informazio faltsua, eta gu manipulatu edota alarma sortzen duen edukia geldiarazi.

  • fake news

    Albiste faltsuak sortzeko web batetik hartutako irudia

EiTBk 'InFORMAZIOA' kanpaina jarri berri du abian, albiste faltsuen aurkako informazio eta prestakuntza eskainiz, azken urteetan areagotu ostean, eta gizartean hedatzeko erraztasun handia duela ikusita, bai ohiko sare sozialen bidez (Facebook, Twitter), baita mezuak partekatzeko aplikazioen bidez ere (WhatsApp, Telegram...).

Albiste faltsuak edo fake news-ak agintariek geldiarazten saiatzen ari diren fenomeno dira, gizartean kalte handia sor baitezakete.  Batetik, informazio faltsua erabiliz sortzen diren albisteak dira, modu masiboan hedatzen direnak desinformatu edo iruzur egiteko asmoz. Bestetik, albiste faltsuek erabaki pertsonetan eragin eta pertsonen, entitateen edo erakundeen irudiaren alde edo kontra egin dezakete.

EiTBk, abian jarritako kanpainaren bidez, sare sozialetan geroz eta ugariagoak diren gezurrezko berriak ezagutzeko behar diren jarraibideak bildu ditu dekalogo batean. Oinarrizko ildoak dira, baina sarriki ez direnak kontuan hartzen. Edonola ere, une batez gogoeta eginez gero, erraz antzeman daiteke.

Fake news bat identifikatzeko egin behar den lehenengo gauza sinaduran arreta jartzea da, anonimoak izan ohi direlako, ez dituzte iturriak aipatzen eta ez dute datarik zehazten, baina hala eta guztiz ere, mezua hedatzea eskatzen dute. Beste batzuetan konfiantzazko hedabide batek aireratutako informazioa dirudi, baina aurretik ez bazenuen hedabidea ezagutzen, mesfidati izan. Gainera, albiste faltsuak sortzen dituzten webguneek komunikabide ezagunen URL edo web orrialdeen tankera izaten dute.

Gainera, itxuraz sinesgaitzak badira ere, hedabide edo erakunde ofizial baten sinadura edo baldin badauka, testuan jarri behar da arreta. Mota honetako albisteek ortografia zein idazkera akatsak, eta izenburu deigarriak izaten dituzte. Horrez gain, letra larriz idatzita egoten dira, eta gehiegikeriaz jotzen dute harridura marka eta ikur arraroetara, hedabide ofizial batean ez bezala.

Informazio faltsua antzemateko beste zantzu bat edukiaren izaera "esklusiboa" da askotan; albiste garrantzitsua bada, hedabide baten baino gehiagoan agertu beharko litzateke, nahiz eta esklusiba izan.

Azkenik, sen onari kasu egin behar zaio, norberak sinatuko ez lukeen eta egiatzat nekez emango zitekeen informazioa ez litzateke zabaldu behar. Halaber, familiarteko eta lagunek ere huts egiten dezaketela kontuan hartu behar da, baina oinarrizko gogoeta eginda arazo asko saihestu litezke.