Itxi

Gizartea

San Martzial eguna

Irungo Alarde mistoaren aldeko manifestua sinatu dute 500 emakumek baino gehiagok

EiTB.EUS

Herritar guztiei ekainaren 30ean, San Martzial egunean, Irunera joateko deia egin diete, alarde mistoa babesteko eta elkartasuna adierazteko.

  • Alarde mistoa. Artxiboko irudia: EiTB

    Alarde mistoa. Artxiboko irudia: EiTB

500 emakumek baino gehiagok Alarde mistoaren aldeko idatzia sinatu dute, San Martzial egunean, ekainaren 30ean, emakume eta gizonen arteko berdintasuna defendatuz.

Manifestua sinatu duten pertsonen artean izen ezagunak daude, besteak beste, honako hauek: Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea, Gema Zabaleta PSE-EEko politikari ohia, Garbiñe Biurrun epailea, Maialen Lujanbio bertsolaria, Anari musikaria eta Toti Martinez de Lezea idazlea.

Manifestua sinatu duten kideen arabera, asko izan dira orain arte emakumeek jasan behar izan dituzten jazarpenak, "tradizioan oinarritutako justifikazioen aitzakiarekin".

"Gure inguruko jaietako ospakizun gehienak garai berrietara egokitzen joan dira arian-arian, baina gaur egunean Irunen, eta ustezko normaltasun batean, bi alarde ospatzen dira oraindik ere: bata pribatua, tradizionala eta baztertzailea; eta beste bat herritar guztiok barnean hartu nahi gaituena, emakumeek eta gizonek berdintasunean zeregin berbera daukaten alardea", adierazi dute.

Hori dela eta, herritar guztiei ekainaren 30ean Irunera joateko deia egin diete, Alarde mistoa babesteko mobiliza daitezen eta beren elkartasuna adieraz dezaten.