Itxi

Gizartea

MIGRAZIOA

'Aquarius' ontziak erreskatatutako pertsona guztiak Valentzian daude jada

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

06:40 aldera iritsi da flota osatzen zuen lehen ontzia, 10:30 aldera bigarrena eta 13:20etan hirugarrena. "Espainira sartzeko ezohiko baimena" izango dute, arrazoi humanitarioengatik, 45 egunez.

1:43

Txandaka iritsi dira igande honetan Valentziako portura, Aquarius ontziak Mediterraneoan erreskatatutako 629 pertsonak zekartzaten hiru ontziak.

'Aquarius'en flotako lehendabiziko ontzia, 'Dattilo' izenekoa,  06:40 inguruan iritsi da Valentziako portura, 274 pertsonarekin (182 gizon, 32 emakume eta 60 adin txikiko). Italiako Itsas Zaintzaren ontzi honetan bidaiatu dute adin txikiko gehienek.

Bigarrena, SOS Mediterraneo GKEaren 'Aquarius' ontzia, 10:30 aldera iritsi da. Open Arms itsasontzi humanitarioak lagunduta iritsi da ontzia 106 pertsonarekin: 51 emakume, 45 gizon eta 10 adin txikiko. Migratzailerik ahulenek bidaiatu dute Aquarius ontzian: haurdun dauden 6 emakume, 10 bat adin txikiko eta gasolioak itsasoko urarekin elkartzean erredurak eragin zizkien 20 bat lagun.

Hirugarrena, Italiako Itsas Marina Militarreko 'Orione', 13:20 aldera iritsi da 250 etorkinekin: 228 gizon eta 22 adin txikiko.

Arratsaldeko 17:40 aldera amaitu da guztien lehorreratze prozesua.

Laguntza

Etorkinak 20 pertsonako taldeetan jaitsi dira eta behin lurrean, hiru lagunek egin diete harrera, mediku bat eta itzultzaile bat tartean. Onik direnak Gurutze Gorriak prestatu duen karpa berezi batera eraman dituzte, arreta psikologikoa jasotzeko. Han 90 bat minutuz egon ondoren, datuak hartu dizkie Polizia Nazionalak.

Dattilo ontziko lehen etorkinak artatu dituzten medikuek adierazi dutenez, bidaiariak hasiera batean uste zena baino okerrago aurkitu dituzte. Guztira, 144 migrante ospitalera eraman dituzte, tartean 22 adin txikiko.

Jorge Suarez Valentziako Generalitateko Larrialdi zuzendariordeak azaldu duenez, bidaiariak "oso hunkituta eta nahastuta" iritsi dira, eta lehorreratutakoan osasun langileak maskarillak eta trajeak jantzita ikustean, eta igaro beharreko prozesu osoa ikusteak "shock" egoera eragin die askori.

AQUARIUS dattilo valencia EFE

Argazkia: EFE

2.300 pertsona aritu dira hiru ontzietan iritsi diren etorkinei laguntzeko dispositiboan. Gurutze gorriak mila kit prestatu ditu oinarrizko elementuak emateko etorkinei: oinetakoak, arropa, higiene elementuak, haurrentzako jana, eta 15 tona elikagai.

Valentziako portuan 100 ohe prestatu dituzte, beste 100 erreserban, eta 350 lagun hartzeko behin-behineko aterpea ere bai.

EAEk eta Nafarroak 'Aquarius'eko etorkinak hartzeko eskaintza egin dute

EAEn, "udal  eta herritar ugari" prest agertu dira etorkinak hartzeko, Monica Hernando Eusko Jaurlaritzaren biktimak artatzeko bulegoaren arduradunak esan duenez.

Eusko Jaurlaritzak ACNUR erakundeari eta Espainiako Exekutiboari 'Aquarius' itsasontziko etorkinen % 10 hartzeko eskaintza egin die. Eta ez dutela partikularren etxerik erabiliko jakinarazi du.

Nafarroako Gobernua ere prest dago 'Aquarius' ontziko errefuxiatuak hartzeko eta hala jakinarazi dio arratsalde honetan Espainiako Gobernuari.

45 egunerako baimen berezia Espainian

Etorkinak Espainian geratuko ote diren edo ez galdetuta, Valentziako Gurutze Gorriak atzo esan zuen pertsona horiek dituzten helburuen araberako izango dela hori, bertan geratu edo Europarantz jo nahi dutenaren arabera, alegia.

Aquariuseko flotan etorri direnek Espainira sartzeko ezohiko baimena izango dute, arrazoi humanitarioengatik, 45 egunez Bernardo Alonso Madrilgo Atzerri eta Muga Komisaria Nagusiko buruzagiak. Gero, Espainiako Legearen araberako tratua jasoko dute.

Frantziak, bere aldetik, atzo iragarri zuen 629 etorkin horietakoren batzuk hara joan nahi badute, hartu egingo dituela.

Jatorria

Italia eta Maltako portuetan sartzea galarazi zioten joan den astelehenean 'Aquarius' ontziari, eta Espainiako Gobernuak Valentzian porturatzeko aukera eskaini zuen.

Ontzian doazen SOS Meditarranee eta Mugarik Gabeko Medikuen Erakundeko borondatezko lankideek ohartarazi zuten barkuak jende gehiegi zeramala barruan eta Valentziara arteko bidaia arriskutsua izan zitekeela adierazi zuen, areago etorkinen osasun egoera txarra eta eguraldiak okerrera egingo zuela jakinda.

Gauzak horrela, etorkinak hiru ontzitan banatu zituzten: 'Aquarius'en 229 lagun geratu ziren eta Italiako Armadaren bi barkuetara 400 pertsona eraman zituzten.