Itxi

Gizartea

Errefuxiatuen drama

'Aquarius' ontziko medikua: 'Egun baterako janaria baino ez dugu'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Etorkin askok osasun arazoak dituzte eta orduek aurrera egin ahala haien egoerak okerrera egingo duela ohartarazi du ontziko medikuak.

1:36

'Aquarius' ontzian dauden etorkinen gehiengoak osasun arazoak ditu: nekea, deshidratazioa, giharretako mina, zorabioak eta burukomina. Gainera, orduek aurrera egin ahala horietako askok okerrera egingo dutela ohartarazi du David Beversluis Mugarik Gabeko Medikuen erakundeko sendagileak.

Gauzak horrela, ahalik eta azkarren porturatzea ezinbestekoa dela azpimarratu du. 'Aquarius'eko medikuak azaldu duenez, 20 bat lagunek erredurak dituzte, ur gaziak eta erregaiak eraginda. "Egonkor daude, baina laster zauriak etengabe artatzea beharko dute eta gure taldearentzat lan gehiegi izango da hori".

Beste paziente batzuk egoera kritikoan daude, hipotermiak eta nekeak jota, eta biriketako gaitzak izateko arriskuan egon daitezke. Beste batzuek infekzioak dituzte eta oso litekeena da ebakuntza behar izatea.

Horrez gain, sei emakumezko haurdun daude, eta oraingoz ondo egon arren, haien egoerak edozein unetan okerrera egin dezakeela esan du medikuak.

Beverluisek ohartarazi du egun baterako janaria baino ez daukatela eta, ondorioz, premiazkoa dela lehenbailehen porturatzea. Alabaina, "ez dakigu nora joango garen", deitoratu du.

Une honetan, ontzia Malta eta Sizilia artean dago. 12 ordu baino gehiago daramatzate zain eta, ondorioz, bertan dauden etorkinen artean urduritasuna eta kezka nagusitzen hasi dela adierazi du Mugarik Gabeko Medikuen erakundeak.