Itxi

Gizartea

'LA MANADA' AUZIA

Epaia irmoa izan arte aske gelditzea eskatu dute 'La Manada'ko kideek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Bost kondenatuen egoera Iñaki Urdangarinekin edo Gurtel auzian zigortuak izan diren eta behin-behinean aske daudenen kasuarekin alderatu du defentsa abokatuetako batek.

  • Agustin Martinez Becerra zigortutako lauren abokatua. Artxiboko argazkia: EFE

    Agustin Martinez Becerra zigortutako lauren abokatua. Artxiboko argazkia: EFE

Agustin Martinez Becerra 'La Manada'ko bost kideetako lauren defentsa abokatuak gazte sevillarrak behin-behinean aske gelditzea eskatu du, harik eta epaia irmoa den bitartean.

Nafarroako Auzitegiak 9 urteko kartzela zigorra ezarri zien 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren bost egileei, sexu abusu delituagatik. Hala ere, sexu eraso delituagatik absolbitu zituen 'La Manada'ko kideak.

Abokatuak bere idatzian oihartzun mediatikoa izan duten Noos eta Gurtel auziak aipatu ditu, hain zuzen ere, auzi horien baitan lehen instantzian zigortuak izan zirenetako asko behin-behineko askatasunean daudelako —Iñaki Urdangarin edo Diego Torres, kasu—.

Martinez Becerraren arabera, prozedurak izandako transzendentzia publikoa "Zuzenbideko logika naturaletik haragokoa izan da". Salatu duenez, epaimahaiak "neurriz gaineko" jazarpena eta presioa jasan du.

Bost gazte sevillarrak aske uztea baztertu zuen 2017ko uztailaren 14an Nafarroako Auzitegiak, epaiketa egin eta epaia ezagutu aurretik. Abokatuaren iritziz, orduan epaimahaiak emandako arrazoiek ez dute orain zentzurik (ihes egiteko arriskua eta delitua berriro egiteko arriskua).

Delitua berriro egiteko arriskuari dagokionez, lehen instantzian zigortuak izan diren delitu hori ez zela inoiz gertatu iritzi dio Martinez Becerra abokatuak eta, beraz, ez dagoela delitu hori berriro egiteko "inolako elementu objektibo edo subjektiborik". Are gehiago, "lehenago edo geroago" gazteak absolbitu egingo dituztela uste du.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.