Itxi

Gizartea

'LA MANADA' AUZIKO EPAIA

Bost egunez luzatu dute 'La Manada' auziko epaiari helegiteak aurkezteko epea

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Maiatzaren 21ean amaitzen zen epea, baina orain alde guztiek datorren aste osoa izango dute Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean apelazio errekurtsoa jartzeko.

  • Nafarroako Justizia Jauregia. Artxiboko argazkia: EFE

    Nafarroako Justizia Jauregia. Artxiboko argazkia: EFE

Nafarroako Probintzia Auzitegiko Bigarren Sekzioak bost egunez luzatu du "La Manada" auziko epaiari helegiteak aurkezteko epea, iturri judizialek jakinarazi dutenez. Nafarroako Auzitegiak 9 urteko kartzela zigorra ezarri zien bost gazte sevillarrei, sexu abusu delituagatik. Hala ere, sexu eraso delituagatik absolbitu zituen.

Luzapen hau tarteko, aldeek datorren aste osoa izango dute Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean apelazio errekurtsoa jartzeko.

Joaquin Galve buru duen —Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea ere bada— bost magistratuz osatutako aretoak izango du helegiteak ebazteko ardura. Izan ere, defentsa abokatuek, biktimaren abokatuek eta akusazio partikular gisa aurkeztu ziren Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak errekurtsoak jarriko dituzte.

Gainera, "La Manadako" bost gazteetatik lauren abokatuak, Agustin Martinez Becerrak, aske uzteko eskaria aurkeztea aurreikusi du epaitegian datorren astean.

Bestalde, Carlos Bacaicoa defentsaren abokatua aurkeztuko duen helegitea prestatzen ari da.