Gizartea
Homofobia
'LGTBIfobia ez da desagertu', ohartarazi du Berdinduk
agentziak | erredakzioa
70 herrialde baino gehiagotan "genero joera, nortasun eta adierazpenen aurkako lege zapaltzaileak" jasotzen dituzte, Eusko Jaurlaritzako zerbitzuak salatu duenez.
-
Argazkia: CHAINLESS PHOTOGRAPHY
Lesbiana, gay, bisexual eta transexualentzako aholkularitza eskaintzen duen Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Berdindu! zerbitzuak azken urteetan kolektibo horien alde egindako lege aldaketak txalotu ditu, baina, ohartarazi duenez, "LGTBIfobia ez da desagertu".
Berdindurekin diharduten entitate eta elkarteek ohar bat kaleratu dute bihar ospatzekoa den Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta. 1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundeko Batzar Nagusiak gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuen homosexualitatea.
"Bistan da urratsak egin direla aurrerako bidean, bai legegintzaren alorrean bai gizartearen iruditeriaren erakuntzan. Lehenaren erakusgarri, hor dugu Euskadiko 14/2012 Legea, ekainaren 28koa, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa, eta, geroago emana, abenduaren 22ko 234/2015 Dekretua, transexualen dokumentazio administratiboari buruzkoa. Lorpen handiak izan dira biak, bata zein bestea lagungarri izan baitira aniztasun sexuala eta generozkoa sendoago errotu daitezen gure eguneroko bizimoldean. Ez gaitezen, ordea, engainatu: LGTBIfobia ez da desagertu", salatu dute.
Munduan zehar badira 70 herrialde baino gehiago kode penalean jasota dutenak, genero-aniztasunaren aukera, identitate eta adierazpide oro berariazko arauekin erreprimitzeko" legeak, eta horietako batzuetan, heriotza-zigorra ere jasotzen dute.
"Komeni zaigu gogoratzea oraindik ere bizirik daudela gurean aurreiritzi sexualak, eta haien ondorioz sailkatu eta zokoratu egiten ditugula pentsamolde heteroarautzailetik aldentzen diren sexualitateak, ez dela amaitu trans kolektiboaren patologizazioa, ez direla desagertu LGTBIen kontra diharduten erakunde atzerakoi amorratuak, desagertu ez diren bezala jokaera homofobikoak gure ikastetxeetan", zerbitzuaren arabera.
Azkenik, gogorarazi duenez, "ez dugu ahaztu behar gurean ere ez direla desagertu aniztasun sexual eta generozkoaren aurkako delituak, eduki badauzkagulako datuak, besteak beste gorroto-delituei buruzko bi txostenetan bilduta, haietako bat Barne Ministerioak egina, eta, bestea, Erabereanek,Tratu Berdintasunaren aldeko eta Diskriminazioaren aurkako Sareak, argitaratua".