Gizartea
DONOSTIA
Dbusek eskaripeko geldialdien sistema probatuko du uda honetan B8 gautxori linean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Emakume eta adin txikikoek Miraconcha-Benta Berri-Seminario lineako geltoki ofizialen artean gelditzeko eskaera egin ahal izango dute. Proiektu pilotu berria ekainean hasiko da martxan.
Dbus Donostiako autobus konpainia publikoak eskaripeko geldialdien sistema probatuko du uda honetan B8 Miraconcha-Benta Berri-Seminario gautxori linean. Eneko Goia Donostiako alkateak azaldu duenez, emakumeek eta adin txikikoek ibilbidearen geltoki ofizialen artean gelditzeko eskaera egin ahal izango dute, "autobuseko bidaia seguruago izan dadin beraientzat".
Gaur goizean Donostian eskainitako prentsaurrekoan esandakoaren arabera, proiektu pilotu berria ekainean jarriko da martxan. Gisa horretako lehen esperientzia izango da Donostian, eta emaitzak aztertu ondoren erabakiko dute zerbitzu mota hori gaueko beste linea batzuetara zabaldu edo zerbitzua bera birplanteatu behar den.
B8 lineak ostiral eta larunbatean eskaintzen du zerbitzua eta hiriaren mendebaldetik egiten du bere bidea. Hain zuzen ere, ingurune horretako kale batzuen ezaugarriak direla-eta erabaki dute sistema berria bertan probatzea.
Eskaripeko geldialdia emakumeek edota 18 urtetik beherakoek eskatu behar diote, berariaz, gidariari, geldiune bateko aurrerapenarekin. Jaisteko eskaera egin duen erabiltzaileak autobusaren aurreko aldean jarri beharko du, aurreko atetik jaitsi beharko baitu.
Eskaripeko geldialdiak jaisteko bakarrik izango dira. Horrez gain, erabiltzailearentzat arriskutsuak ez diren baldintzetan egingo da jaitsiera eta, horregatik, istripu posibleak ekiditeko, espaloia dagoen tokietan egin ahal izango da.