Gizartea
Errugbi finalak
Alkohola San Mamesen errugbi finaletan? Hauxe da azalpena
eitb.eus
Bi lege ezberdinek arautzen dute alkohol kontsumoa errugbian eta futbolean.
-
Garagardo upelak San Mamesen, errugbi finaletarako. Sare sozialetan hedatutako argazkia
Sare sozialak sutan izan dira asteazken honetan, errugbi finalera begira San Mames barruan garagardo upelak ikus daitezkeen argazkiak bolo-bolo hedatu baitira. Athleticeko partidetan ez, baina errugbi finaletan bai edan ahal izatea legearen urraketa dela uste dute askok.
Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak azaldu du ez duela salbuespenik egin legean, eta alkohol kontsumoa debekatuta egongo dela estadio osoa partidak hasi baino 15 minutu lehenagotik horiek amaitu eta 15 minutu ondoren arte, Adikzioen eta Drogamenpekotasunen 1/2016 legea ezarrita.
Jaurlaritzaren hitzetan, lege hori kirol ikuskizun guztietan ezartzen da, futbol eta saskibaloi profesionalean izan ezik.
Izan ere, futbol eta saskibaloi partidetan Arrazakeriaren, Xenofobiaren eta Intolerantziaren aurkako 19/2017 legea ezartzen da.
Lege horrek beste araudi bat du alkohol kontsumoari eta salmentari dagokionez, horregatik ezberdintasunak daude errugbi finalen eta futbol partiden artean.