Gizartea
Madrilgo epaitegia
'La Manada'ren biktimaren aurkako mezuen egileak identifikatzea eskatu du epaileak
Agentziak | Erredakzioa
Mehatxu eta irain irainengatik eta foro, webgune zein sare sozialetan argitaratu diren datu pertsonalengatik salaketa aurkeztu zuen biktimak maiatzaren 5ean.
-
Artxiboko argazkia: EFE
'La Manada'ren biktimak aurkeztutako salaketagatik ikerbidea hasi du Madrilgo Argibideetako 38. Epaitegiak. Bere kontrako mehatxuak eta datu pertsonalak argitaratu izana salatu zuen emakume gazteak. Orain mezu horien egileak identifikatzeko eskatu dio epaileak Poliziari.
Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, biktimaren salaketa aztertzeko ardura hartu duen epaitegiak adostu du neurria. Mehatxu eta irain irainengatik eta foro, webgune zein sare sozialetan argitaratu diren datu pertsonalengatik salaketa aurkeztu zuen emakume gazteak maiatzaren 5ean.
Mezuen egileak identifikatzeko eta mezuak ezabatu direla egiaztatzeko eskatu dio epaitegiak Poliziaren Ziberdelinkuentzia Unitateari, salatzaileak kautelazko neurri bezala hala eskatu duelako.
Komunikabide digitaletan zein sare sozialetan mehatxuak eta intimitatearen aurkako delituak salatu zituzten 'La Manada'ren biktimaren abokatuek.
'La Manada'ko kideei 9 urteko espetxe-zigorra ezarri zien epaia posta elektronikoz bidali zieten komunikabideei apirilaren 26an. Biktimaren datu pertsonalak ezabatu zituzten, baina sententziaren marjinatan agertzen zen kode bat ez zuten kendu. Horrekin Nafarroako Gobernuaren webgunean zegoen epaia originala lortu ahal izan zuten.
Gazte madrildarraren datu pertsonalak, izen-abizenak edo helbidea komunikabide digitaletan eta sare sozialetan argitaratu zituzten. Gainera, neskaren argazkiak, nortasun agiriaren irudi bat eta gertakarietan grabatutako bideoaren pantaila-irudiak ikusi ahal izan dira.
Espainiako Poliziaren eskutik, informazioa argitaratu duten atarien eta sare sozialen txostena jasotzen dutenean, salaketa handituko dutela aurreratu du Miguel Angel Moran abokatuak.
Nafarroako Lurralde-auzitegiak 'La Manada'ko kide akusatu bakoitzari bederatzi urteko kartzela-zigorra ezarri zien sexu-abusuak leporatuta, baina ez sexu-erasoa egotzita, gaztearen aurkako indarkeriarik izan ez zela ebatzi zuelako. Fiskaltzak, ordea, 22 urteko espetxe-zigorrak eskatu zituen.