Itxi

Gizartea

'La Manada'ren epaia

'La Manada'ren biktimaren datu pertsonalen filtrazioa ikertuko du CGPJk

Agentziak | Erredakzioa

Banatutako epaian ikusgai zegoen kode baten bidez 'La Manada'ren biktimaren datu pertsonalak ezagutzeko aukera zegoen. Nafarroako Gobernuak epaietarako sarrera hori bertan behera utzi du.

  • 'La Manada'ren epaiaren aurkako elkarretaratzea Madrilen / EFE.

    'La Manada'ren epaiaren aurkako elkarretaratzea Madrilen / EFE.

'La Manada'ren biktimaren datu pertsonalen filtrazioan datuak babesteko arauak urratu diren ikertuko du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (CGPJ). Epaia banatu zenean egindako akatsaren ostean, bere identitatea ezagutu ahal izan zen.

Nafarroako Gobernuak, gainera, Egiaztatze Kode Seguruaren (CSV) bidez epaiak ezagutzeko sistema bertan behera utzi du, eta ezin da epairik kontsultatu.

Biktimaren datuak hedabideei banatutako epaitik kendu ziren, baina ez zen CSV kodea ezabatu. Kode hori foru administrazioaren webgune batean sartuta, salatzailearen identitatea ezagutu ahal zen.

Akatsa antzeman zutenean, Foru gobernuak kode horren bidez epaian sartzeko aukera ezeztatu zuen larunbatean, baina eskuragarria egon zen apirilaren 26tik.

Astelehenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiak epaietan sartzeko aukera blokeatzeko eskatu zion Gobernuari. Nafarroako Justizia zuzendari nagusi Lourdes Aldaveren arabera, "salbuespenez" eta "zuhurtziagatik" onartu zuen Gobernuak.

Akatsa, Aldaveren aburuz, epaia "banatzean" egon da, eta ez da Gobernuarena izan, "legeek eta protokoloek esaten dutena zorrotz bete duelako".

Emakundek biktima "protagonista" izatea deitoratu du

Izaskun Landaidak esan duenez, epaiak "oso mezu arriskutsua" igortzen dio gizarteari, emakumeei, indarkeriaren biktima direnei eta erasotzaileei. "Sexu erasoen inguruan mezu irmoa bidaltzeko aukera paregabea galdu da", esan du.

Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak "laguntza eta elkartasun" osoa bidali dio biktimari, "tamalez, protagonista izaten ari delako".

"Ez dugu ulertzen gertatutakoa sexu erasotzat ez eta sexu abusutzat hartzen duen epaia", esan du.