Gizartea
Genero-indarkeria
Hiru epaile emakumek gutun bat bidali diote 'La Manada'ko biktimari
EiTB.EUS
Gertutasuna eta babesa adierazi diote, sinesten diotela esanez. Halaber, Zigor Kodea "androzentrikotzat" jo eta joera sexista larriak dituela adierazi dute, aldatu egin behar dela uste izanda.
Emakumezkoak diren hiru epailek gutun bat bidali diote 'La Manada'ko kideen bortxaketa jasan zuen biktimari, gertutasuna eta babesa adieraziz. Nafarroako Auzitegiak 9 urteko kartzela-zigorra ezarri zien 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren bost egileei, sexu abusu delituagatik. Hala ere, sexu eraso delituagatik absolbitu zituen.
Noticias de Gipuzkoa egunkariaren webgunean argiratu dutenez, Bilbo, Bartzelona eta Lugoko hiru epaileek epaia irakurri ondoren, biktimari babesa erakutsi diote eta kritiko azaldu dira. Kalean "nik sinesten zaitut" asko entzun dutela adierazi diote, baina, haien ustez, epaia eman zuten hiru epaileetatik bik ere kontakizuna sinetsi dute, neskaren bertsioa zalantzan jarri zuten defentsaren argudioak epaian "errespetuz eta begirunez" errefusatu dituztelako. "Sinetsiko ez balizute, ezinezkoa izango litzateke epaian frogatutzat eman dituzten gertaerak idaztea", nabarmendu dute.
Halaber, "ezinezkoa" iruditzen zaie gertaera horiek sexu-abusutzat jo izana; pertsona gehienentzat abusatzea "gaizki edo gehiegi erabiltzea da, baina azken finean, erabiltzea; hiztegian ez dago pertsonei zuzenduta, gauzei baizik". Hiru epaileen ustez, hitz hori sexu-harremanak onartu gabe izatearekin lotzeak Zigor Kodean "emakumeok gizonei plazera emateko objektuak izaten jarraitzen dugun seinale da". Abusu hitzaren azpian dagoen ideia hori "oso mingarria" da edozein emakumerentzat, azaldu dute. Zigor Kodea "androzentrikotzat" jo eta joera sexista larriak dituela adierazi dute; egoera aldatu beharra dagoela azpimarratu dute.
Epaia jakin osten kalean izan diren manifestazioek bortxaketa izan zela diote, eta "horrekin bat gatoz". Azterketa tekniko eta juridiko batetik bortxatzea indarra erabiltzea da. Iruñeko sanferminetan frogatutako gertaerak horren kasu garbia direlakoan daude, eta, honenbestez, 'La Manada'ko partaideek zigor handiagoa merezi zutela.